'Patricia' denboraleak irudi ikusgarriak utzi ditu irlan
Larunbatean berrabiaraziko dituzte irlako itsasontzien joan-etorriak.
Patricia denboralea euskal kostalde guztia jotzen ari da, eta Donostia ez da eraginetik libratu. Horregatik, Santa Klara irlarako joan-etorriak bertan behera utzi zituzten asteazken eguerdian, eta Kontxako gabarroiak kendu egin zituen. Hain zuzen ere, irlak utzi ditu denboralearen irudi ikusgarrienetako batzuk, beheko bideoan ikus dezakezuen moduan:
Hala ere, denboralea arintzen ari da, eta Donostiako Udalak jakinarazi du larunbatean berriz martxan jarriko dituztela irlarako itsasontzien joan-etorriak, 10:00etan. Udalak azaldu duenez, uhartean ez da ia kalterik izan, eremua babesteko egurrak jarri zituztelako, beste prebentzio neurri batzuen artean. Kalte nagusia tabernak jasan du, mahaiak eta aulkiak eraman zituztelako olatuek. Kontxako gabarroiei dagokienez, astelehenean jarriko dituzte bere lekuan.
Temporal 🌊🌊🌊#motorasdelaisla #aitonajulian #temporal #donostia #donosti #sansebastin@Juanmarimanero pic.twitter.com/DH1Cb0VQea
— Motoras de la isla (@motorasisla) August 3, 2023
Bestalde, Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du toldoen makilen %70 kendu behar izan dituztela Kontxako hondartzan eta toldoen bi ilara Ondarretan. Larunbatean eguraldi ona aurreikusten da, baina zinegotziak azaldu duenez, kendutako toldoen erabiltzaileek larunbatean bertan ez dituzte eskura izango, birkokatu egingo baitituzte. “Denboraleak sortutako egoera ulertzea eskatzen dugu, datozen egunetan normaltasuna hondartzetara itzuliko delakoan”, gehitu du zinegotziak.
Horrez gain, olatuen ondorioz, Tenisetik hurbilen dagoen Ondarretako eremuan hondar kopurua murriztu egin da. Horrela, udalak baimena eskatuko dio Kostaldeen Zuzendaritza Probintzialari hondarra makinekin hara mugitzeko. Baimena dutenean, gauez egingo dute operazioa.
Karabela portugesak
Denboralearekin, aurreikusten zen badian marmokak agertzea, olatuek ekarrita. Hala izan da, eta hainbat agertu dira Kontxan eta Ondarretan. Era berean, ziztada bat erregistratu dute Kontxan, eta bandera gorria jarri dute. 14 urteko neska bat da ziztada pairatu duena, besoetan eta aurpegian.