Zezenketen aurkako manifestazioa egingo dute abuztuaren 12an

Plataforma Antitaurinoa kaleetara irtengo da beste urte batez Aste Nagusia hasi aurretik. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, eta zezenketetan animaliek pairatzen duten sufrimendua gogoratu dute. “Hiltzen bada, ez dira festak”, defendatu du plataformak.
Era berean, udal gobernuaren “pasibotasuna” salatu dute, “udalak aukera baitu bere jabetzakoak diren aretoak egoki ez deritzon ekitaldietarako ez alokatzeko”—2013an eta 2014an ez zen zezenketarik egin, Bildu gobernuan zela—. Hori dela eta, zezenketak ahalbidetzea “alkatearen borondatea” dela uste du plataformak.
Udalak urtero faena onenari ematen dion saria ere desagertzea eskatu dute, “faenarik onena egiten ez dena baita”, eta eremu publikoan publizitaterik ez jartzea exijitu dute. “Donostia banderolez beteta dago”, salatu dute plataformako kideek.