Irene Etxeberria donostiarra EBEI zientzialari elkarteko presidente izendatu dute
Irene Etxeberria zientzialari donostiarra Erresuma Batuan dauden Espainiako Estatuko zientzialarien elkartearen presidente izendatu zuten pasa den uztailean. Hurrengo ikasturterako izendapena aho batez izan zen, eta elkartea osatzen duten 300 parte hartzaileek bat egin zuten donostiarra izendatzeko. Gaur egun, Etxeberria Londresen lanean dabil eta elkartearen etorkizuna oparoa izango dela uste du. Elkartearen izen ofiziala Society of Spanish Researchers in the United Kingdom da (SRUK), euskaraz, Erresuma Batuko Espainiako Ikertzaileen elkartea (EBEI).
Elkartea 2011n sortu zen helburu jakin batekin: Erresuma Batuan dauden Espainiako Estatuko ikerlarien komunikazioa sustatzea eta elkarren arteko sarea sortzea. Donostiarrak 2014an hasi zuen neurozientzien gradua, Londreseko unibertsitatean. Ordutik, ikerketa ugari egin ditu eta 2017an lortutako beka baten ondoren, Londresen eta Parisen masterra egiteko aukera izan zuen. 2019an, Oxfordeko unibertsitatean neurozientzia kognitiboari buruzko doktoretza ikerketa hasi zuen, eta gaur egun, memoriak, arretak eta hitz egiteak burmuinean duen garrantzia ikertzen dabil, burmuinaren irudien bitartez.