Autobus zerbitzu bereziak eskainiko dituzte Aste Nagusian
Dbusen gautxori zerbitzua. Urteroko legez, Dbus konpainiak autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu Aste Nagusian; besteak beste, gautxori zerbitzuak luzatuko dituzte. Hain zuzen ere, 06:00ak arte egongo dira funtzionamenduan gautxoriak bi larunbatetan (hilak 12 eta 19), eta 07:00ak arte astelehenean (hilak 14), Ama Birjinaren Egunaren bezperan. Gainontzeko egunetan 05:00ak arte eskainiko dute gautxori zerbitzua. Hemen ikus ditzakezue Aste Nagusiko gautxori lineen xehetasunak.
Era berean, su artifizialen ondoren autobus zerbitzu bereziak eskainiko dituzte, 00:50ak arte. Gauza bera egingo dute zezenketekin, Illunbera joateko autobus zerbitzu berezia jarriko baitute hilaren 13tik 15era; Grosetik, Bulebarretik eta Antiguatik abiatuko dira autobus horiek. Hori dela eta, egun horietan ez da doako autobus zerbitzurik egongo Erdialdetik Illunbera –Illunbeko aparkalekuarengatik ematen dute zerbitzu hori udan–.
Bestalde, Aste Nagusiko hainbat jarduera direla medio, Bulebarra itxiko dute zenbait unetan, eta itxiera horiek eragina izango dute Dbusen zerbitzuetan. Izan ere, hainbat geltoki lekuz aldatuko dituzte itxierek irauten duten bitartean; hemen kontsultatu daitezke aldaketa guztiak.


