Hainbat eragileri diru laguntzak ematea onartu du udalak
SOS Arrazakeriaren 'Bizilagunak' egitasmoa da laguntza jasoko duen programetako bat. (Argazkia: SOS Arrazakeria) Tokiko Gobernu Batzordeak lankidetza, kultur aniztasuna eta berdintasuna sustatzen duten elkarteei diru laguntzak ematea onartu du. Orotara 153.139 euro bideratuko ditu eragile horietara, eta euren eragin esparruan programak lantzeko eta garatzeko erabili beharko dituzte.
Cristina Lage Aniztasun, Inklusio eta Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, Donostia “askotariko” hiria da, “inklusiboa eta berdinzalea”. Laguntzek hiriaren “izaera solidarioa” berresten dutela adierazi du, baita helburu horiek betetzen laguntzen dieten eragileak zaintzeko “Udalaren borondatea indartzen” ere.
Berdintasunaren arloak jasoko du diru gehien, 82.000 euro —programa gehienak ere atal horretakoak dira: 42—. Nahi dugun Donostiarako proposamen feministak jardunaldia (3.531,84 euro) eta XVIII. Feministaldia (3.474,64 euro) dira programa horietako batzuk. Kultur aniztasuna sustatzeko 54.150 euroko laguntza onartu du gobernuak, 29 programatarako: Bageraren hizkuntza aniztasun programara (1.662,96 euro) eta Sos Arrazakeriaren Bizilagunak (2.843,52 euro) programara bideratuko dituzte diru laguntzak, besteak beste. Lankidetzari dagokionez, udalak 16.989,22 euroko zuzeneko laguntza onartu du Mundubat fundazioarentzat, saharar errefuxiatuen kalteberatasun handieneko kolektiboentzako eskola gosarien programa garatu dezan.

