Karabela portugesen aurkako protokoloa aldatu du udalak, bainua horrenbeste ez debekatzeko
Karabela portuges bat. Karabela portugesei aurre egiteko protokoloa aldatzea erabaki du udalak, hiriko hondartzetan bainatzea gutxiagotan debekatzeko. Hain zuzen ere, uztailean onartu zuten protokoloaren arabera, ziztada bakar bat erregistratzea nahikoa zen hondartza horretan bandera gorria jartzeko.
Orain, ordea, ziztada bat erregistratu eta ziztada egin duen karabela portugesa uretatik erretiratzerik ez dutenean edo ziztada egin duena ez ezik, ale gehiago ikusi dituztenean soilik debekatuko dute bainua. Aldiz, nahiz eta ziztada bat erregistratu, ale gehiago ikusi ez badituzte eta ziztada egin duen alea uretatik erretiratzen badute, bandera horia jarriko dute, eta ez gorria. Era berean, hondartzako erabiltzaileei megafonia bidez ziztadaren berri emango diete, eta bainatzerakoan kontuz ibiltzeko eskatuko diete.
Bestalde, Kontxan eta Zurriolan hamabost karabela baino gutxiago ikusten dituztenean, bandera horia jarriko dute, eta hamar baino gutxiago ikusten dituztenean Ondarretan –karabelarik ikusten ez badute banderak ez dituzte horren arabera jarriko, jakina–. Zifra horiek gainditzen direnean, ordea, bandera gorria jarriko dute, nahiz eta ziztadarik ez erregistratu. Santa Klara uhartearen kasuan, bi karabela baino gehiago ikusten dituztenean jarriko dute bandera gorria.
Kasu horietan guztietan, marmoken presentziaz ohartarazten duen bandera ere jarriko dute –karabela portugesak berez ez dira marmokak, baina antzeko ziztadak egiten dituzte–, eta hondartzetako erabiltzaileei megafonia bidez emango diete egoeraren berri. Era berean, egoera berrikusten joango dira arduradunak, eta banderaren kolorea aldatzen joan daiteke egunean zehar.


