Okendo Aldeko plan bereziari buruzko hitzaldia eta elkarretaratzea antolatu ditu Uliako auzo elkarteak
Okendo Alde-Manteo lursaila; Basque Culinary Centerren egoitza berria egitekoak dira han. (Argazkia: Inaxio Esnaola Aranzadi) Uliako auzo elkarteak Okendo Aldeko plan bereziari buruzko hitzaldi informatiboa antolatu du. Hitzaldia bihar izango da, hilak 9, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Elkartetik adierazi dutenez, Manteoko eta Zemoriako parkeak zaintzeko funtsezko gaiak jorratuko dira bertan, eta plan bereziak ondare publikoan eta ongizatean “eragin ditzakeen galerak”azalduko dira. Ostegunean, hilaren 10ean, elkarretaratzea eta martxa egingo dute, 19:30ean, Okendo Kultur Etxetik abiatuta.
Ildo beretik, auzo elkarteko lehendakari Felix Soto kritiko agertu da udal gobernuak gaia lantzeko duen moduagatik. “Lau urte egon behar izan dugu zain alkatea gurekin bil zedin”, esan du Sotok —uztailaren 24an bildu ziren—, eta salatu du bilera hori egiteko Manteo hirigintza eremuko erabilera Basque Culinary Center fundazioari esleitu arte itxaron izana. Gainera, bilera horretan Goiak “ezer ez” ziela esan aipatu du.
Uztail amaieran auzo elkarteak BCCren egoitza berriaren aurka jarritako errekurtsoa izapidetzea onartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegiak, baina errekurtso horri buruzko xehetasunik ez du eman nahi izan Sotok, abokatuak hala gomendatuta.


