Aitzol parkeko pintaketen aurkako elkarretaratzea egin dute
Aitzol parkeko eraberritutako kantxetan pintaketa batzuk egin dituzte, eta horren aurka bildu dira Amara Berriko hogei bat bizilagun, Zer lortu duzue honekin? lelopean. Aitzol parkeko kantxak auzolanean margotu zituzten ekainean Kalean Urban Fest egitasmoaren barruan; orain, ordea, margotutakoaren gainean pintaketa batzuk egin dituzte. Hori salatzeko, Amara Berriko bizilagun elkarteak gaur elkarretaratzera deitu du, eta bertan azaldu dutenez, badakite zein izan den pintaketen egilea.
“Pintaketa hauek egin dituena auzoan ezaguna da, eta molestatzen gaituena da auzotarra izanda, ez dakigula zer bilatzen duen pintaketa hauekin”, adierazi du Amara Berri auzo elkarteko kideak. Auzoan beste hainbat egin ditu, eta Aitzol parkeko kantxen kasuan, egilearen izenaren plaka ere margotu dute. Horregatik, argi eta garbi adierazi dute, pertsona edo talde honen helburua kantxak “zikintzea” izan dela.
Oso haserre daude denbora luzez adostutako proiektu bat izan delako, eta hain denbora gutxian dena ezabatu dutelako. “Orain, ez dakigu nola konpondu daitekeen, beraiek esan beharko lukete pintaketa hauekin zer nahi duten, eta zer eskatzen diguten auzo elkarteari”, salatu dute. Pintaketa hauen bitartez beraien artea erakutsi nahi badute, bizilagunak prest daude haiekin kolaboratzeko, baina, kasu honetan, “aurkako helburua” dutela gehitu dute.