Garbiketa zerbitzua indartuko du udalak Aste Nagusian
Larunbatean hasiko den Aste Nagusia dela eta, garbiketako eta zabor bilketako zerbitzuak indartu egingo dituela iragarri du udalak. “Aste Nagusian hiria jendez betetzen da, eta horrek eragina du gure kaleen garbitasunean”, adierazi du Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak. Zehazki, 128 langile ariko dira hiriko garbiketa lan horietan, eta 56 ibilgailu edukiko dituzte erabilgarri.
Jende pilaketa handienak egoten diren lekuetan arreta berezia jarriko dute, hala nola, kaian, Parte Zaharrean eta su artifizialak jaurtitzeko eremuan. Iazko Aste Nagusian 140 tona hondakin bildu zirela aipatu du Garciak, eta zeregin horretan hiritarren laguntza beharrezko dela nabarmendu du: “Hiria garbi mantentzeko ahalegina izugarria da, eta beharrezkoa da herritarren kontzientziazioa eta lankidetza, Donostia ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko”.