Lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete Kontxan euren semeari tratu txarrak eman zizkioten gurasoei
Hilaren 1ean, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Kontxa inguruan, bere semeari kalean bertan tratu txarrak ematea egotzita. Joan den astean bertan egin zuten epaiketa azkarra, eta haurraren bi gurasoei lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten, integritate moralaren aurkako delitu batengatik.
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartu zuen haurra atxiloketak iraun zuen bitartean, baina ez zien gurasoei tutoretza kendu, hedabide batzuek zabaldu duten moduan; hala azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak Urnietan gaur (hilak 9) egindako agerraldi batean, kazetarien galderei erantzunez. Familia txekiar bat da, hirian turismoa egiten ari zena, eta hainbat hedabidek zabaldu duten informazioaren arabera, haurra Cervantes plazako banku batean lotu zuen gizonak, zakurrentzako uhal batekin.
Bi urtetik beherako zigorra izanik, aurrekari penalik gabe ez da kartzelara sartzen, beraz, aldundiak haurra itzuli die gurasoei; gainera, gurasoek gertakariak zein zigorra onartu zituzten epaiketan. Hala ere, aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailak Txekiako Errepublikako departamentu berari eskatu dio familiari jarraipena egiteko.