'Negu Hurbilak' estreinatu dute Locarnon
Negu kolektiboak zuzendutako Negu Hurbilak filmaren munduko estreinaldia egin dute asteazken goiz honetan Locarnoko zinemaldiko (Suitza) Cineasti del Presente sailean, eta harrera ona izan du. Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktore donostiarra da filmeko protagonista, eta Xalba Ramirez hedabide honetako kazetariak gidoiaren idazketan parte hartu du, baita soinu banda konposatu ere. IRUTXULOKO HITZA filmaren babesleen artean dago, eta Maluta* Filmsek eta Cornelius Filmsek ekoiztu dute.
600 lagun inguruk ikusi dute filma, eta galderak egiteko aukera ere izan dute. Hain zuzen ere, galderen txandan azaldu dute zinemagileek bi urte inguruz Zubietara (Nafarroa) joaten aritu zirela, ondoren filma han grabatzeko. Zubietarrak ezagutu zituzten horrela, eta herritar ugarik filmean parte hartu nahi zutela esan zieten; horrela, herriaren parte hartzearekin osatu zuten gidoia, baita aldatzen joan ere. Hain zuzen ere, Laspiur da aktore profesional bakarra filmean, gainerakoak zubietarrak dira: Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban.
16 mm-tan grabatu den filmak emakume gazte baten ihesaldia kontatzen du, euskal gatazkaren testuinguruan. Ihes egiteko bidean, Zubietan (Nafarroa) geratzen da, ez aurrera eta ez atzera, denborak eta behe lainoak harrapatuta. Mugako herri horretan, “antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute”, eta denbora igaro ahala, “egunak gau eta gauak egun” bihurtuko dira, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuz.
Euskal gatazkari ere heldu diote estreinaldian, eta nabarmendu dute beste foku batetik landu dutela gaia. Izan ere, eztabaida politikoa ez dago erdigunean, eta ihesaldia akzio handiko ikuspegi batetik islatu ordez, itxaronaldian eta intimitatean garrantzia jarriz islatu dute.