'Negu Hurbilak' aipamen bereziarekin itzuliko da Locarnotik
Negu kolektiboak Negu Hurbilak estreinako lana aurkeztu zuen asteazken honetan (hilak 9) Locarnoko (Suitza) zinemaldiko Cineasti dei Presenti sailean, eta ez dira esku-hutsik itzuliko: filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, pelikulan “isiluneek adierazten dute protagonistaren egoera”, eta “denborak lanbroa dirudi”.
Kolektiboaren hitzetan, “egun hauetako esperientzia biribiltzeko modua” da epaimahaiaren aitortza: “Hemen egotea jada saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu”. Egile zineman espezializatuta egoteagatik da ezaguna Locarnoko zinemaldia, nazioarteko garrantzitsuenetako bat.
Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak zuzendu dute pelikula, eta Maluta* Filmsek eta Cornelius Filmsek egin dituzte ekoizpen lanak. Jone Laspiur (Intxaurrondo, 1995) aktore donostiarra da filmeko protagonista —eta aktore profesional bakarra, beste guztiak Zubietako (Nafarroa) herritarrak baitira—, eta Xalba Ramirez hedabide honetako kazetariak gidoiaren idazketan parte hartu du, baita soinu banda konposatu ere. IRUTXULOKO HITZA filmaren babesleen artean dago.
Jarraian ikusgai aipamena jaso duten unea: