«Antzezlana gune aske bat da, eta guk ere askatasuna emango diegu ikusleei»
'Baginaren bakarrizketak' antzezlana eskainiko dute Intza Alkain, Itziar Urretabizkaia eta Ainhoa Etxebarria aktoreek hilaren 17tik 20ra Antzoki Zaharrean. Eve Enslerrek idatzitako obra da, eta euskarazko egokitzapen hau Begoña Bilbao Lejarzegik zuzendu du, Txalo ekoiztetxeak ekoiztuta.
Zertan datza ‘Baginaren bakarrizketak’?
Intza Alkain (I.A.): Antzezlana Eve Enslerrek duela hogei urte inguru egindako ikerketa batean dago oinarrituta. Baginadun pertsona asko elkarrizketatu zituen, eta antzezlana pertsona horien testigantzetan oinarritutako bakarrizketek osatzen dute.
Ainhoa Etxeberria (A.E.): Txalo ekoiztetxeak duela hamar bat urte taularatu zuen antzezlan hau, Aitziber Garmendiarekin eta Ainhoa Garairekin. Orain, antzezlana berreskuratu dute gu hiruokin.
Itziar Urretabizkaia (I.U.): Obra hau mundu guztian taularatu da azken urteotan, hizkuntza askotan. Horregatik, oso ezaguna da.
A.E.: Duela hilabete batzuk Madrilen eskaini zuten, adibidez.
Hizkuntza askotan, eta tartean euskaraz.
Hirurak: Bai!
A.E.: 1996an idatzitako antzezlan bat da, eta nabarmentzekoa da gaurkotasun handia duela hala ere. Egia da termino batzuk aldatu behar izan ditugula, terminologia aldetik lanketa handia egin delako ordutik hona. Izan ere, besteak beste, denari deitzen zaio bagina jatorrizko testuan.
I.A.: Bai, hori da. Genitalei bagina deitzen zaie, orokorrean. Azken finean, gaur egun gehiago aztertu da arlo hori, termino gehiago ditugu eta argiago daukagu hori guztia.
A.E.: Baina, txikikeria horiek kenduta, esango bazenit gaur egun idatzita dagoela sinistuko nuke. Oso aktuala da, eta zer pentsa ematen dizu. Azkenean, testigantzak dira oinarria, eta oso egiazkoa da testua. Ukitu komiko batzuk ditu, baina baita drama ukituak eta gauza gordinak ere.
I.A.: Izan ere, antzezlanean kontatzen da testigantzak kontatzen dituzten pertsona horietako bakoitzak bere gorputzarekin eta, zehatzago, bere genitalekin izan duen harremana. Orduan, testigantza batzuk positiboak dira, beste batzuek alderdi komikoa ere badute eta beste batzuk negatiboak dira.
Beraz, aisialdirako ez ezik, pentsatzeko ere balio du antzezlan honek, ezta?
I.U.: Bai, eta ziur norbait kasuren batekin identifikatu dela.
Bakoitzak zer rol egiten du antzezlanean?
A.E.: Hirurak sartu-irten batean egongo gara.
I.U.: Hainbat rol ditugu bakoitzak, ez da denbora guztian berdina.
I.A.: Ahotsa asko daude, beraz, gure artean ahots horiei gorputza eta hitza emango diegu. Adin nagusiko emakume bati hitza emango diogu, ume bati ere bai… Askotariko profilak daude.
A.E.: Gerran bortxatutako emakume bat ere agertuko da, esaterako.
Elkarrekin lan egingo duzuen lehenengo aldia da?
I.A.: Lehenengo aldia da, bai.
A.E.: Aurretik elkar ezagutzen genuen, baina orain arte ez dugu inoiz elkarrekin lanik egin.
I.A.: Egia esan, oso ondo moldatzen gara elkarrekin.
I.U.: Eta eskerrak! Oso obra korala da, eta ez bagina ondo eramango…
Antzoki Zaharrean aurretik aritu izan zarete?
I.A.: Duela hilabete aritu nintzen lehenengo aldiz, hain justu.
I.U.: Ni aurreko obrarekin ere han aritu nintzen, duela bi Aste Nagusi.
A.E.: Ni iaz aritu nintzen Antzoki Zaharrean, eta asko gustatzen zait. Oso kutsu berezia du antzoki horrek, eta iaz ere Aste Nagusiaren barruan aritu nintzen han antzezten. Jaien barruan izatean, ederra da ikustea zelako giro euskalduna sortzen den, euskal kultur giroa. Bereziki, atentzioa ematen dit Aste Nagusian jende gazte asko joaten dela antzerkia ikustera.
Antzoki Zaharrekoa estreinaldia izango da gainera.
I.A.: Gogoz gaude, dagoeneko obrak forma hartu duelako.
A.E.: Gainera, zortea daukagu, hainbat egunez jarraian daukagulako. Orduan, dagoeneko forma eman diogunez, orain soilik falta da jendearen harrera ikustea.
Jendeari gustatuko zaiola uste duzue?
A.E.: Zintzoki, uste dut jendeari asko gustatuko zaiola.
I.A.: Gainera, lehen aipatu dugun moduan, duela hamar urte inguru Euskal Herrian egin zen obra hau, eta arrakasta handia izan zuen. Hori erantzukizun bat ere bada guretzat, baina garai hartan funtzionatu bazuen orain ere funtzionatuko duela uste dugu.
I.U.: Hainbeste aldiz antzeztu den obra bat nolabaiteko berme bat da; funtzionatu behar du.
Hamar urte barru berriz antzeztuko duzue?
A.E.: Bai, taka-takarekin, ez [barrez]? Oxala!
Zer esango zeniokete jendeari obra ikustera joatera animatzeko?
A.E.: Etortzeko, gune aske bat dela eta guk ere askatasuna emango diegula. Ni oso aske sentitzen naiz baginari, bulbari edo dena delakoari buruz berbetan. Esan eta esan gabiltza askatzen ari garena, baina, batzuetan garrantzitsua da, beste batzuen ahotik entzutea euren testigantzak, askatasunetik entzutea bakoitza nola sentitzen den. Enpatia sentitzeko, barre egiteko, negar egiteko… Eta euskaraz.