Zumeta eta 'Urra', Uliako Harrian eta Igeldoko Harrian garaile
Ainitze Zumetak eta Mikel Lopetegi Urra-k irabazi dituzte, hurrenez hurren, Uliako Harria eta Igeldoko Harria lehiaketak. Bi probak atzo (hilak 14) arratsaldean jokatu ziren, Trinitate plazan.
Uliako Harriak bigarren edizioa izan zuen atzokoa, eta Zumetak hamazazpi altxaldi egin zizkion 70 kiloko harriari. Hala, proba irabazteaz gain, errekor berria ere ezarri zuen —iazko garaileak, Karmele Gisasolak, hamasei jasoaldi egin zituen—. Hamalau altxaldirekin hiru harri jasotzaile geratu ziren: Lierni Osa, Ane Zinkunegi eta Olaia Esnaola. Araudiak hala zehaztuta, jasoaldi kopuru bera egiten dutenean, pisu gutxiena duenari ematen zaio lehentasuna. Hori dela eta, Osak eta Zinkunegik osatu zuten podiuma.
Urra, hirugarrenez txapeldun
Igeldoko Harriaren kasuan, Urra-k hemezortzi aldiz jaso zuen 134 kiloko harria, eta hirugarrengoz lortu zuen proba irabaztea —2018an eta 2022an ere irabazi zuen—. Alabaina, ezin izan zuen Goenatxo II.ak 2002an egindako hemeretzi altxaldiko errekorra gainditu. Bigarren eta hirugarren geratu ziren Beñat Telleria eta Jokin Eizmendi, hamaseina jasoaldirekin.