Donostiari abestu dio Olatz Salvadorrek, «umore, nostalgia eta aldarritik»
Olatz Salvador, artxiboko irudi batean. Olatz Salvador musikari donostiarrak Zintzilik (2018) diskoko Korapilatzen abestiaren bertsio berezi bat argitaratu du Instagramen, Donostiari buruzkoa. Sare sozial horretan azaldu duenez, Zea Mayseko Aiora Renteriak Bilboko Aste Nagusiko txupinazoan abestutako Negua joan da ta abestiaren bertsioaren harira animatu da Korapilatzen-en bertsioa egitera, “Umore, nostalgia eta aldarritik”. “Muxu bana Dono$tiatik alde egin behar izan zuen donostiar baten partez eta animo erresistentzian zabiltzatenoi”, gaineratu du.
“Espekulatzen jarraitzen badugu / Ez dugu jakingo nola askatu” dio errepikak, eta hiri ereduarekin kritiko agertu da Salvador: “Ederrena zarela badakit / Baina ederregia askotan / Marrazo batzuk gogoz / Eta zu denen ahotan / Ez leku egin nahi zaituzte / Aberatsen kapritxotan”. Eta nostalgia puntu nabarmena ere badauka abestiak: Txikitan Amara Berrin / Eta hazterakoan / Sentituz momentu oro nola / Zure esentzia zugandik badoan / Lehen ezagutu nuen bizia / hiltzen ikusterakoan”. Donostiako Piratei eta hiriko jai herrikoi guztiei ere keinu egin die musikariak: “Piratak ta jai herrikoiei / Hemendik agur bero bat / Eta muxu goxo bat”.
Abestiak arrakasta handia izan du sareetan, erabiltzaile ugarik partekatu baitute. Gainera, Instagramen 1.200 atsegitetik gora ditu albiste hau argitaratzeko garaian, eta 50 bat iruzkin. Entzun osorik Salvadorren Instagrameko kontuan.

