PPri ez zaio ordenantza fiskalaren proposamena gustatu
Alderdi popularra kexu agertu da udal gobernuak proposatu duten ordenantza fiskal berriaren harira. Proposamenak lau tasa eta bi zerga igotzea aurreikusten ditu, eta hori ez dator bat gaur egungo agertoki ekonomikoarekin, Borja Corominas alderdiak udalean duen bozeramailearen arabera.
Era berean, azken urteetan udaleko gastu publikoak izandako gorakada kritikatu du, eta egungo udal gobernua egin du horren erantzule: “2015ean, EAJ eta PSE-EE boterera iritsi zirenean, aurrekontua 296 milioi eurokoa zen; 2023an 461,9 milioi eurokoa da. Hau da, 165 milioi gehiago”. Corominasen hitzetan, udalak ez du bere gastatzeko modua egoera berrira egokitu, “hiritarrok gure etxean egin behar izan dugun bezala”.
Hori dela eta, PPk zergak eta tasak izoztearen alde egin du, hiritarrek dagoeneko ahalegin nahikoa egiten dutela iritzita: “Donostiarrei ezin zaie eskatu udalak egin nahi ez duen ezer, ezta egiten ez dakien edo egitera ausartzen ez den ezer ere”. Ildo horretatik, udaleko zerbitzu guztien gaineko auditoria bat ere proposatu du alderdi popularrak, “zenbat, non eta nola” gastatzen den argitzeko: “Gure etxeetan denok egiten badugu, zergatik ez luke udalak egin behar?”, galdetu dute.