Lau tasa eta bi zerga igoko ditu udalak
Kerman Orbegozo eta Eneko Goia, gaurko prentsaurrekoan. Aitor Odriozola Zubillaga Tokiko Gobernu Batzordearen ondoren egindako prentsaurrekoan, Eneko Goia alkateak udal gobernuak zerga eta tasa batzuk “eguneratu” egingo dituela adierazi du, “larrialdi egoera pasata egoera berrira egokitzeko”. Gehienbat, bi arrazoirengatik igoko dituztela nabarmendu du alkateak: batetik, inflazioa udalarengan izaten ari den eragina gutxitzeko; eta, bestetik, Loiolako kuartelen erosketak eragingo duen zorpetzeari aurre egiteko.
Agerraldi berean, Ekonomia eta Aurrekontuen zinegotzi Kerman Orbegozok ere “nazioartean zalantzak eta ziurgabetasuna sortzen dituzten faktore batzuk” aipatu ditu igoeren arrazoia justifikatzeko, eta horiek “zerbitzu publikoak mantendu ahal izateko” igoko direla esan du.
Hortaz, udalak Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zerga %4 igotzea adostu du. Bestalde, lau tasa igotzea ere aurreikusten du: hondakinen bilketa (%5 etxebizitzetarako eta %7 jardueretarako), estolderia (%5), TAO (%5) eta garabia (%7,5). Era berean, udako denboraldia hirian igarotzera datozenei zuzendutako egoiliar txartelaren prezioa 64 eurotik 125 eurora igarotzea proposatuko du.
Batzordeak onartuta, udal taldeek hamar egun izango dituzte zuzenketak egiteko, eta proposamena iraileko osoko bilkuran onartzea aurreikusten da.


