«Donostiarrak kanporatzen ari da etxeen prezio garestia»
Bizilagunekin plataformako Elena Ramirez eta Asier Basurto elkarrizketatu ditu 'Berria' egunkariak. Donostian "etxe larrialdi bat" dagoela nabarmendu dute, eta gaitzetsi egin dute hiriko turismo ereduak bultzatu duen espekulazioa.
Bizilagunekin plataformak urteak daramatza Donostiako “etxe larrialdia” salatzen eta irtenbideak proposatzen. Plataformako kideak dira Elena Ramirez (Bartzelona, 1991) eta Asier Basurto (Donostia, 1985). Esan dute etxeak “azkar-azkar garestitu” direla eta ondorioz milaka donostiarrek ezin dutela hirian gauzatu beren bizi proiektua.
Ipar Euskal Herrian, nabarmentzen ari dira nolako kaltea egiten dioten bigarren etxeek herritarren etxe eskubideari. Donostian nola dago kontua?
Elena Ramirez: Azken urteetako turistifikazio prozesu bortitzaren ondorioz, nabarmen areagotu da hiriko etxebizitzen erakarmena, bai opor leku moduan, bai inbertsio gisa. Gainera, aldatu egin da bigarren etxearen bila etortzen direnen profila: garai batean, gipuzkoarrak, euskal herritarrak edo espainiarrak ziren; orain, donostiarrek baino errenta askoz handiagoko atzerritarrak ugaritu dira.
Asier Basurto: Donostiako etxe merkatuan, ez du zereginik bere soldatatik bizi den herritar arrunt batek, ekonomikoki ez baitu aukerarik espekulazioaren negozioan daudenekin eta errenta handiagoko atzerritarrekin lehiatzeko. Donostiarron etxe eskubidea zapaldua dago. Etxebizitzak garestitzearen ondorioz, donostiarrak kanpoan geratzen ari dira, eta aldaketa orokorra gertatzen ari da auzoen izaeran, ekosistema sozioekonomikoan, sare komunitarioetan…