Dena prest Kontxako Banderarako

Gaur goizean (hilak 25) aurkeztu dute Kontxako Bandera. Udaletxean egindako prentsaurrekoan, Nekane Arzallus lehen alkateordeak aipatu du uda amaitzear den honetan donostiar eta arraun zale askorentzat “une garrantzitsua” iristekotan dela, nahiz eta Kontxako Bandera “arraunetik harago” doan jarduera bat dela esan.
Sailkatze estropadak datorren astean izango dira: asteazkenean emakumezkoena eta ostegunean gizonezkoena. Aurten, emakumezkoen hemeretzi traineruk eta gizonezkoen 24k hartuko dute parte sailkatze estropada horietan. Erlojupekoa izango da, eta zazpi denbora onenek lortuko dute iraileko lehen bi igandetan aritzeko saria; bertan Donostiarra izango dute zain. Sailkatze estropada biak 18:00etan hasiko dira.
Bestalde, igandeetako estropadak 11:00etatik aurrera izango dira. Ordu horretan emakumeek ekingo diote lanari, eta 12:00etan gizonezkoen txanda izango da. Emakumeek 1,5 itsas milia egin beharko dituzte, eta gizonezkoek hiru —bi kasuetan ziaboga bakarra eman beharko dute—. Bi igandeetako denborak batuta azkarren izan direnek lortuko dute bandera preziatua, eta talde irabazle bakoitzak 25.000 euroko saria jasoko du. Gainera, Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak 5.500 euro emango dizkio kategoria bakoitzean gipuzkoar traineru azkarrenari.
Sarrerak, gaurtik aurrera salgai
Era berean, aurten ere Pasealeku Berritik, Urgulletik, kaitik eta Alderdi Ederretik estropadak ikusteko aukera egongo da, baina horretarako sarrera erosi beharko da. Dagoeneko salgai daude lotura honetan, baina fisikoki ere eros daitezke: Victoria Eugenia Antzokian eta igandeetan bertan jarriko diren txarteldegietan —sarrera orokor murriztua erosteko baldintzak betetzen dituztenek fisikoki bakarrik erosi ahal izango dituzte sarrerak, baldintza hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta—.