Rianxok ez du parte hartuko Kontxako Banderako sailkatze estropadan
Baja bat egongo da Kontxako Banderako emakumeen sailkatze estropadan: Club de remo Rianxo galiziarrena. Adrian Neo Romero Galiziako ligako emakumezkoen traineruaren patroietako bat hil da, eta, hori dela eta, Rianxok asteazkeneko sailkatze estropadan ez parte hartzea erabaki du.
Donostiako Udaleko Festak sailak azaldu duenez, klubeko ordezkariek azaldu diete “klubeko kideak (zuzendaritza, entrenatzaileak eta arraunlariak) eta zaleak” ez daudela “estropadan parte hartzeko gogo eta indar nahikoarekin”. Donostiako Festakek “babesa eta dolumin zintzoenak” helarazi dizkiete “Club de Remo Rianxoko kide guztiei”.
Baja hori dela eta, traineru bat gutxiago egongo da emakumeen sailkatze estropadan. Guztira, hemezortzi traineru lehiatuko dira igandean Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian egoteko: Cabo, Cesantes, Chapela, Salgado Perillo, Deusto, Donostia Arraun Lagunak, Hernani, Hondarribia, Hibaika, Kaiku, Mugardos, Ondarroa, Orio, Astillero, Tiran, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia. Jakina den moduan, Donostiarrak sailkatze estropadan parte hartu gabe hartzen du parte Kontxako Banderan.