Paco Sagarzazuk jasoko du Zinemira saria
71. Zinemaldiko ohorezko Zinemira saria Paco Sagarzazu aktore donostiarrak jasoko duela iragarri du jaialdiak. Hala, Zinemaldiak, Euskal Produktoreen Elkarteak eta Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak aktore donostiarra omentzea erabaki dute, “azken 40 urteotan ezinbestekoa izan baita euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan”. Besteak beste, Aupa Etxebeste! (2005) filmean aitonaren rola egiteagatik da ezaguna. Sagarzazuk Euskal Zinemaren Galan jasoko du saria. Ramon Agirre izan zen sari hori jaso zuen azken donostiarra —2018an jaso zuen—.
Era berean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak iragarri du Sail Ofizialeko film guztiak euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko direla. Hortaz, azken urteetan egindako aldarrikapen bati erantzun dio jaialdiak. Pantailak Euskaraz elkarteak erabakia “txalotu” du, eta gainontzeko erakundeak ere ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia “handitzeko eta euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko pausoak ematera” gonbidatu ditu.
Bestalde, orotara hemeretzi izango dira 71. Zinemaldian ikusi ahal izango diren euskal filmak, Bidasoa 2018-2023, Arnasa betean, emakume zinegileak eta Bizkarsoro, esaterako.