Uda igarota, auzokoekin berriro elkartzeko jaiak Añorga Txikin
17:30ean ekingo diete jaiei, orduan botako baitute txupina. Hortik aurrera, askotariko jarduerak prestatu dituzte, besteak beste, mozorro poteo herrikoia eta patata tortilla txapelketa.
Bihar arratsaldean aterako dira kalera buruhandiak eta erraldoiak. (Argazkia: Añorga Txikitarrak auzo elkartea) Gaur hasiko dira Añorga Txikiko jaiak, eta Silvia Oses jai batzordeko kidea «oso pozik» dago sortu duten egitarauarekin: «Jai motzak izan arren, gauza pila bat egiten ditugu». Gaurtik hasi eta asteburuan zehar, hainbat jarduera antolatu dituzte «edozein pertsonak parte hartzeko».
Kontxako Banderaren lehen asteburuan izaten dira jaiok, eta aurten oso goiz egokitu dira. Hori dela eta, jaien aurreko egunetan ohi baino mugimendu txikiagoa sumatu du Osesek, jendeak oporrak azken unera arte luzatu dituelako eta ikasturtea hasteko oraindik egun batzuk geratzen direlako, baina argi du asteburuan giro polita sortuko dela: «Ikasturtea hasi aurretik azken jaiak izaten dira, eta jendea gogoz dago. Gainera, aukera ematen du udan zehar ikusi ez dituzun lagunak berriz ikusteko».
Egitarau oparoa
17:30ean botako dute jaien hasiera iragarriko duen txupina. Gaurko jardueretatik, mozorro poteo herrikoia nabarmendu nahi izan du Osesek: «Iaz egin genuen lehenengo aldiz, gazteek antolatuta, eta oso harrera ona izan zuen. Aurten jende gehiago mozorrotzea espero dugu».
Dena den, Oses biharko egunarekin geratzen da: sagardo eta sardina dastaketa, patata tortilla txapelketa, herri bazkaria, buruhandiak eta erraldoiak… Bada non aukeratu. Osesen arabera, jendeak asko estimatzen ditu Añorgako buruhandiak eta erraldoiak, eta arrakasta handia izan ohi dute.
Nerabeei dagokienez, Osesek aipatu du «lortu» dutela eurak ere jardueretara animatzea, herri bazkarira, esaterako: «Zaila da nerabeak gauza horietara erakartzea, eta hori lortu izana polita da». Gauean gazteentzako egitaraua prestatu dute: erromeria eta Txolas DJ-a.
Prestatu dituzten jarduerekin, «edozein adinetako jendeak, nahi badu, goizetik gauera eta etxera bueltatu gabe badauka zer egin», Osesen arabera. Udako oporraldia pasata, Añorga Txikiko jaiak auzoan «bizitza egiteko eta sustatzeko» aukera dira, baina auzokoak ez direnei ere ez diete muzin egiten: «Nahiz eta Añorga auzo periferikoa izan, animatu daitezela eta ondo pasatzera etor daitezela; ongietorriak izango dira».
Jaien egitarau osoa hemen ikus dezakezue.


