Udalak Dbusen murrizketak egin nahi dituela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk salatu du udal gobernuak Dbus autobus zerbitzuan murrizketak egiteko asmoa duela, eta, kontrara, “inbertsioak handitzea” dela konpainiaren “kalitatea eta zerbitzuak hobetzeko modu bakarra”. Hala, alderdi abertzaleak bat egiten du aste honetan Dbuseko langile batzordea osatzen duten lau sindikatuek egindako eskaerarekin.
EH Bilduk “kezkaz” hartu ditu Mugikortasun Sailak iradoki dituen murrizketak —besteak beste, 5 linea (Bentaberri) Matia kaletik ez pasatzea, eta 13 (Altza), 17 (Gros-Amara), 26 (Amara-Martutene) lineen maiztasuna gutxitzea—. Haren esanetan, zerbitzuak behar dituen egokitzapenek “ezin dute inoiz baliabideen murrizketaren norabidetik etorri”. Izan ere, zenbait lineatan gidariek arazoak dituzte puntualtasun helburuak betetzeko eta atsedenak egiteko, baina konponbidea maiztasunak handitzetik etorri beharko litzatekeela dio EH Bilduk, eta ez murriztetik. Gainera, erabaki horrek erabiltzailea kaltetuko lukeela ere gogoratu du.
Hori dela eta, alderdi soberanistak iragarri du iraileko udalbatzarrean mozio bat aurkeztuko duela gai honen harira, “udal gobernuaren aldetik jarrera aldaketa bat eragiteko”.