Lehen jardunaldiak zer emango zain

Gizonezkoen sailkatze estropadako irudi bat. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Gaur (hilak 3) jokatuko da Kontxako Banderaren lehen jardunaldia, eta, gaurkoan banderak inork etxera eramango ez baditu ere, datorren igandean nora joan daitezkeen iradokitzeko aukera eman dezake gaurko egunak. Atzoko euri jasen ondoren, giro lasaiagoa topatuko dute gaur arraunlariek, metro bateko olatuekin, gutxi gorabehera.

11:00etan ekingo zaio lehen igandeari, emakumezkoen lehen txandarekin. Lehen kaletik laugarrenera ordenaturik, bertan lehiatuko dira Kaiku, Orio, Zumaia eta Hibaika. Emakumezkoen bigarren txandan arituko dira Donostiarra, Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia. Gizonezkoen lehia 12:00etan hasiko da, eta honako taldeek hartuko dute parte lehen txandan: Hondarribia, Orio, Donostiarra eta Zierbena. Bigarrenean, berriz, Getaria, Cabo, Urdaibai eta Ondarroa.

Emakumezkoen lehiari erreparatuta, bandera irabazteko hautagai nagusia Donostia Arraun Lagunak dela esan daiteke. Bigarren izan ziren sailkatze estropadan, Orioren atzetik, baina Lugañeneko traineruak irabazi du Eusko Tren Liga. Dena den, gaur ere tentuz zaindu beharko dituzte horiak. Ligan Donostiarra hirugarren izan da, baina sailkapenak erakusten duena baino alde txikiagoa dago Donostiarraren eta lehen bi sailkatuen artean, estropada batean deskalifikatuak izan baitziren. Edozein estropada irabazteko gai direla frogatu dute Bantxa traineruko arraunlariek, eta ez litzateke sorpresa handirik izango bigarren asteburura bandera irabazteko aukerekin iristea. Gainontzeko taldeek zailagoa izango dute erronka hori betetzea, baina bakoitza ahalik eta posturik onena lortzeko borrokatuko da.

Gizonezkoei dagokienez, Bermeo jo daiteke hautagai nagusitzat, baina Hondarribiak eta Zierbenak ere ez lukete aparte ibili behar —sailkatze estropada azken horrek irabazi zuen—. Donostiarrak hurrengo igandean ohorezko txandan lehiatzea izango du helburu, eta, estropada bikaina eginez gero, banderarako lehiarako bizirik iristea. Beste lau taldeak, ordea, gaur-gaurkoz urruti ikusten dira garaipen nagusia eskuratzeko borrokarako, baina euren artean norgehiagoka polita eskaini dezakete.

HITZAkide HITZAkide