Porrontxoetako kontzertuak iragarri dituzte: Willis Drummond, LaMia Mari eta Eire, besteak beste
Porrontxoak hemen dira. Datorren asteburuan, Egia goitik behera bustiko dituen jaien prestakuntzan buru-belarri dabiltza auzokideak. Kartelak jada han-hemenka ikusi daitekeen arren, gaur sareratu dute kontzertuen afixa. Hona hemen egunez egun:
Ostegunean, hilak 14, La Fulana DJak irekiko ditu jaiak, Plaza Haundin. Ostiralean, hilak 15, eskaintza zabala egongo da egun osoan zehar. Eguerdian, bazkalostean, Egiako Gazte Asanbladaren eskutik, Zarratak eta Adosteke taldeen kontzertuak izango dira Tejerian. 16:30ean, Egia Sound Systema kalez kale ibiliko da, kolorez mozorrotzeko deia egin dute. Plaza Haundiko kontzertuei dagokionean, 22:30ean hasita Eire eta Willis Drummond arituko dira, eta, Plaza Berrin, berriz, Amildegi, Ukabil eta Kities DJa arituko dira 22:00etatik aurrera. Nahikoa ez, eta 23:00etan Guatekea egongo da Tejeria kalean, eta DJ emanaldia Tetuan tabernan.
Larunbatean, izango da oraindik zer gozatua. 16:00etan Plaza Haundin ariko dira Afrika Baxe Yaye perkusionistak. 17:30ean Plaza Berrin 1980eko, 1990eko eta 2000. hamarkadako Rock & Roll eta “makarrada” musika saioa egingo dute Hodeietan eta Jabbat Jabbat Hey DJek. Plaza Haundiko kontzertuei dagokionean, 23:00etan abiatuko da Laiotz erromeria, 2:00ak arte, eta bere txanda hartuko dute Fresa Morango DJek. Plaza Berrin, berriz, Alai eta LaMia Mari DJek emango diote egurra plazari. Eta, auzokoan tradizioa den moduan 1:00etan auzoko furgoneta ganberroena abiatuko da: Rock Kam Broom!
Igandean, indarrik geratzen zaionarentzat, jada auzoan tradizioa bihurtu den Andonio Ollokiegi arituko da arratsaldea girotzen Plaza Haundin.
Guzti hau gutxi balitz, txistulariak, txarangak eta trikitilariak arituko dira egunero auzoan zehar. Galdu ezin diren jaiak, inondik inora ere.