Barbara Goenaga aktore donostiarra izango da 'Ztanda' saioaren aurkezlea

Barbara Goenaga donostiarrak aurkeztuko du ETB1eko Ztanda telesaioa, udazkenean estreinatuko dutena. Talent show bat izango da, eta abeslari izan nahi duten hamahiru lagun lehiatuko dira. Hainbat garaitako euskal kantak zein nazioartekoak interpretatuko dituzte, batzuk jatorrizko bertsioan eta beste batzuk eguneratuta. Hiru epaimahaikide egongo dira, eta irabazleak 15.000 euroko saria lortuko du.
Saio bakoitzean bi kanta abestu beharko dituzte lehiakideek, eta astero kanporaketak egingo dituzte, finalera iritsiko dira. Aste bakoitzean gai edo euskal musikagintzaren aro bat izango dute hizpide.
Hamahiru lehiakideetako hamabi casting bidez aukeratuko dituzte, eta hautaketa prozesu horretan parte hartzeko, Ztanda.k2000.com webgunean eman behar da izena. Hamahirugarren lehiakidea Internet bidezko lehiaketa bat eginez aukeratuko dute. Parte hartu nahi dutenek bideo bat igo beharko dute Instagramera edo Tiktokera, a capella abestuz eta #ZtandaETB traola erabiliz.