Giza katea egingo du igandean Errausketaren Aurkako Mugimenduak

Errausketaren Aurkako Mugimenduak giza kate bat egingo du hilaren 10ean, 11:00etan, Alderdi Ederretik abiatuta, Gipuzkoan hondakinen arazoa “urtetik urtera larriagotzen” ari dela iritzita. “Badira hiru urte Donostiako erraustegia hondakinak erretzen ari dela eta gure agintariek beste bi proiektu badituzte buruan, Bergaran eta Zumarragan, “pirolisi” izenaren atzean paper fabriketako hondakinak eta plastikoak erretzeko”, adierazi du mugimenduak.
Azaldu dutenez, Donostiako erraustegiak sortutako kutsadura, “hiru urte bakarrik pasa direnean, oso nabaria da inguruko lur, landare eta arrautzetan, ToxicoWatch fundazio holandarraren analisiek erakusten duten moduan”. Bestalde, duela urtebete antzeman zen Arkaitzerrekako kutsadurari ez zaiola konponbiderik jarri salatu dute: “errekako ur kutsatuak bildu eta Loiolako araztegitik pasa ondoren itsasora bidaltzea bururatu zaie”, deitoratu dute.
“Erraustegia martxan jarri aurretik esan genuen bezala, Gipuzkoako gaikako bilketan eragin negatiboa izaten hasi da. Azken hiru urteetako datu ofizialak kontuan hartuta, Gipuzkoan materia organikoaren bilketa biztanleko 80 kilotik 75 kilora jaitsi da; biztanleko errefusa, aldiz, 177 kilotik 184 kilora igo da”, azaldu du mugimenduak.
Donostiako kasua “are larriagoa” dela uste dute: “2015az geroztik ezer egin ez denez, gaiko bilketari dagokionez Donostia da Gipuzkoa osoko datu kaskarrenak ematen dituen herria. Hiru urteko epe berdinean materia organikoaren bilketa, biztanleko 33 kilotik 32 kilora jaitsi da eta errefusa 254 kilotik 265 kilora igo; Donostian gaika %41 besterik ez da jasotzen, Europako arauek agintzen dutenaren %50aren oso azpitik”.
Egoera hori salatzeko giza katea antolatu dute igandean Kontxan, eta Alderdi Ederretik abiatuko dira, 11:00etan.