Hitzaldi, eztabaida eta eskola magistralez osatuko da Zinemaldiaren egitaraua
Raven Jackson, Lila Avilés, Albert Serra, Kitty Green, Christian Petzold eta beste zinemagileen sormen prozesuetan sakonduko duten elkarrizketa, eskola magistral eta mahai inguruz osatutako programa osatu du Zinemaldiak.

Zinemaldiko Pentsamendua eta Eztabaida arloak zinemagileen sormen prozesuetan sakonduko duten elkarrizketa, eskola magistral eta mahai inguruz osatutako programa zabal bat antolatu du.
Hizketaldiak saila abiarazteko, Pentsamendua eta Eztabaida sailak solasaldi bat proposatuko du Albert Serra errealizadore kataluniarrarekin hilaren 24rako, Tabakaleran. Història de la meva mort (2013), La mort de Louis XIV (2016) eta Tourment sur les îles (Made in Spain, 2022) filmen zuzendariak dokumental bat gauzatzeko prozesuari buruz hausnartuko du kasu honetan.
Kitty Greenek The Assistant (2019) zuzendu zuen, eta aurten Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da The Royal Hotel (2023) filmarekin. Astelehenean −hilaren 25ean−, hitzaldi bat eskainiko du Tabakalerako Z aretoan, 16:30ean. 2030 Agendak sustatutako elkarrizketa honetan, zinemaren botere eraldatzaileari buruz hitz egingo du.
Astearteam, hilaren 26an, 12:00etan, Tabakalerako Z aretoan, Deborah Williamsek aniztasunak ikus-entzunezkoen sektorean duen balioaz hitz egingo du. Williams Creative Diversity Network taldeko zuzendari exekutiboa da, eta 30 urte baino gehiago daramatza telebistan, zineman eta antzerkigintzan lanean, bai eta kultura eta sormen industrietan orokorrean politikak garatzen ere; Williamsek diseinatu zituen BFIren aniztasun estandarrak eta Arts Council England taldeko berdintasun analisirako prozesua.
Ostegunean, hilaren 28an, 12:00etan, Tabakalerako Z aretoan topaketa bat egingo da, alde batetik, Vestida de azul (1983) dokumentala Donostia Zinemaldian estreinatu zeneko 40. urteurrena ospatzeko (Antonio Gimenez Ricoren dokumental horrek trantsizioaren garaian trans emakumeek bizitako esperientziak biltzen ditu), eta, bestetik, Veneno telesailaren bigarren denboraldiaren berehalako etorrera ospatzeko (film hartan oinarrituta egongo da bigarren denboraldi hori). Julen Zabala EGHAMeko ekintzailea eta Ian de la Rosa Veneno telesailaren bigarren denboraldi honetako zuzendarietako baten arteko elkarrizketa, izan ere, hauei buruzkoa izango da: filmaren estreinaldiaren testuinguru politiko eta soziala; telesaila sortzeko dokumentazio eta elaborazio prozesua; eta Zinemaldiaren historiaren parte izan diren LGBTQIA+ pelikulak aldarrikatzearen garrantzia.
Azkenik, hilaren 30ean (larunbata), 12:00etan, Tabakalerako zinema aretoan, Little Spain ekoiztetxeko Cris Trenas, Rogelio González eta Santos Bacana zuzendariek eta C. Tangana artistak −Belodromoan estreinatuko den Esta ambición desmedida telesail dokumentalaren protagonistak− proiektu honetan murgiltzera bultzatu dituen sormen prozesuaz hitz egingo dute, baita horiek sortzeko mugez edo mugarik ezaz ere.
Topaketak zinema-ikasleekin Nesten
Programa osatzeko, bi elkarrizketa eta bi eskola magistral egingo dira, Donostia Zinemaldiko Nest zinema ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren esparruan. Topaketa horiek guztiak Tabakalerako zinem aaretoan izango dira.
Astelehenean −hilaren 25ean−, 12:30ean, topaketa bat izango da Christian Petzoldekin. Phoenix (2014) filmarekin lehiatu zen Petzold Sail Ofizialean eta FIPRESCI saria lortu zuen. Gidoigile eta errealizadore alemaniarrak, Berlinen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi ondoren, Roter Himmel / Afire aurkeztuko du Perlak sailean. Alemaniarrak Nesteko ikasleekin hitz egingo du beren sormen prozesuei buruz filmak sortzeko orduan.
Eskola magistralei dagokienez, asteartean −hilaren 26an−, 15:30ean, All Dirt Roads Taste of Salt film luzea emango da, Sundanceko U.S. Dramatic Competition sailean estreinatu ondoren Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dena. Filmaren zuzendari Raven Jacksonek Nettles (2018) film laburrarekin parte hartu zuen Nesten, eta sailaren egoitzara itzuliko da eskola magistral bat ematera. Beste gai batzuen artean, Ikusmira Berriak programako bere egonaldiari (hor garatu zuen gaur egun Urrezko Maskorrerako lehian aritzea ahalbidetuko dion filma) buruz mintzatuko da Jackson.