Juan Mari Arzak omendu dute Ordizian

Idiazabalgo gaztaren Ordiziako lehiaketa egin dute asteazken honetan, eta Juan Mari Arzak sukaldari donostiarra omendu dute, urte luzez epaimahaiko presidentea izan baita. Aurten ezin izan du lehiaketan egon, eta haren alaba eta era berean sukaldari Elena Arzakek jaso ditu oroigarriak, baita antolatzaileei omenaldia eskertu ere, familiaren eta Arzak jatetxeko lantaldearen izenean, Goierriko Hitza-k jaso duenez. Ordiziako kofradiak egiten duen lana ere goretsi du: “Zuek denok gabe, ez zatekeen gaur egun dena izango”.
Aipatu hedabideak azaldu duenez, Arzak 1980an gonbidatu zuten estreinakoz Ordiziako lehiaketara, Euskal Sukaldaritza Berria delakoaren beste hiru kiderekin batera: Pedro Subijana, Karlos Argiñano eta Jose Juan Castillo. Oso gutxitan huts egin du ordutik, eta 1992an izendatu zuten Idiazabal gaztaren lehiaketako epaimahaiko buru. Ohorezko titulua eman diote orain, eta Pedro Subijana sukaldaria izendatu dute epaimahaiko buru, Arzaken lekukoa hartuz.