Kieran Tierney euskara ikasten hasi da

reala Kieran Tierney, Realeko kamisetarekin. (Argazkia: Reala)

Kieran Tierney jokalari eskoziarrak (Man uhartea, Eskozia, 1997) aste batzuk baino ez daramatza Realean, baina dagoeneko hemengo kulturan murgiltzen hasi da. Hain zuzen ere, The Scottish Sun hedabideari eskainitako elkarrizketa batean azaldu du euskara eta gaztelania ikasten ari dela: “Dena besarkatzen saiatzen ari naiz, kultura, hizkuntza, eta abar. Hizkuntza ahalik eta ondoen ikastea oso garrantzitsua da. Guztiei begirunea erakustea da kontua. Klubak tutore bat prestatu du, eta Eskoziako selekzioarekin nagoen bitartean Zoom bidezko eskolak emango ditut. Gaztelania eta euskara ditut ikasteko. Izugarri gustatzen zait”.

Atzerritik etortzen diren jokalari gehienek gaztelania ikasi ohi dute, baina ez da horren ohikoa euskara ere ikastea. Are gutxiago denbora gutxirako datozenean, eta Tierneyk printzipioz denboraldi bat baino ez du igaroko klub txuri-urdinean, Arsenalek utzita etorri baita, erosketa aukerarik gabe. Realaren historiako lehenengo jokalari eskoziarra da.

Horrela, Tierneyk nabarmendu du “hilabete gutxi batzuk barru” gai izan nahi duela Realeko euskal jokalariekin “elkarrizketa bat euskaraz edukitzeko”. “Horrek errespetua erakusten du. Atzerrira joanda, beti egin behar duzu hori”, gaineratu du.

Realaren filosofia goraipatu du

Euskal kulturari begirunean diola erakusteaz gain, Realera etortzerakoan Arsenaleko kapitain eta Realeko jokalari ohi Martin Odegaarden gomendioa jarraitu zuela azaldu du hedabide horretan, eta Realaren funtzionatzeko modua goraipatu du: “Oso klub handia da euskal eskualde grinatsuan. Ez dute kanpoko jokalari asko sinatzeko joera. Historikoki, inguru hartako jokalariak izan dituzte batez ere. […] Horregatik, ohore bat eta plazer bat da niretzat Realean alde jokatzea”.

HITZAkide HITZAkide