Saharako hautsa dagoenez, kalean kirolik ez egitea gomendatu dute
(Argazkia: Irutxuloko Hitza) Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrolerako Sareak jakinarazi du partikulen kontzentrazioa igo egin dela EAEn, Iberiar penintsula osora Saharako basamortutik sartutako hautsa dela eta. Donostiara hautsa gauerdian iritsi da, eta hiriko estazio guztietan igo dira partikula mailak. Egoera ostiralera arte luza daitekeela aurreikusten da, eguraldiaren arabera betiere.
Hori dela eta, udalak honakoa gomendatu du: “Hurrengo egunetan, ostirala bitartean, aire zabalean esfortzu fisiko handiko jarduerarik ez egitea gomendatzen dugu. Espresuki arrisku gehiago izan dezaketen hainbat kolektibori zuzentzen diegu deia, pertsona edadetuei, haurrei eta asmatikoak direnei, besteak beste”.
Gainera, ahal den heinean, auto partikularrak erabili beharrean garraio publikoa erabiltzea gomendatu du udalak. Izan ere, autoek partikula mailak igotzen baitituzte.
Hurrengo orduetan eta egunetan hirian neurtzen diren partikula mailen jarraipena egingo dute.


