Arregiren erailketa, edo hamarkada bat markatu zuten egunak
Kronika bat literatura estiloan. Edo fikziorik gabeko nobela bat. Ez da erraza Xabier Mendigurenen lan berria sailkatzea, baina berak argitu duenez, “ez da historia, ez da saiakera eta ez da kazetaritza lana”. Rodolfo Walshen eta Truman Capoteren ildoari jarraituz, ez-fikziozko nobela sortu du Joxe Arregi zizurkildarraren erailketaz hitz egiteko Oso latza izan da bere azken lanean.
1981eko otsailaren 6tik 16rako tartean garatzen da istorioa. Tarte horretan, Guardia Zibilak Arregi atxilotu, torturatu eta hil zuen eta gazte batzuek haren gorpua erreskatatu zuten. Mendigurenen ustez, 1975eko trantsizio politikora atzera begira ari dira garaia bizi izan zuten asko, “nostalgiatik baino”, zer kontatua badagoelako.
Eta urte hartako hilabete hartan zer esanik ez: ETA(m)-k Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari burua zena bahitu eta erail zuen; Karlos Garaikoetxeak Espainiako erregeei ongietorria eman zien Gernikako juntetxean, eta ekitaldian, HBko ordezkariek Eusko Gudariak abestu zuten; otsailaren 23an Tejerok estatu kolpe saiakera egin zuen Madrilen; eta hilabete bukaeran, ETA (pm)-k behin betirako izango zen su-etena eman zuen.
Gatazka politikoaren eskema
Mendigurenek azaldu du, garai hartan, “eskema politiko-sikologiko” bat sortu zela, 1989-1992 arte iraun zutenak. Azaldu duenez, “eskema” horretan, “HBren munduak” garaipena posible zela sinetsi zuen: sufritu beharko zela, gauza “itsusi eta gogorrak” egin beharko zirela, baina garaipena posible izango zuen “erresistentzia kultura” bat sortu zela. Aldiz, ETA (pm)-ren inguruak, estatua garaitzea ezinezkoa zela sinetsita, demokrazia ontzat emango luke, bide horretan are gehiago sakonduz. Hilabete hartako gertakari hauek guztiek, posizioak indartu zituzten, eta hor dago, akaso, Arregi gertakari lazgarria kontatzearen garrantzia gaurkotua.
Urteetara jakin zenez [hona hemen gertakaria jaso zuen albistea], Arregiren gorpua lurperatuta zegoela hainbat gaztek lurretik atera, eta argazkiak egin zizkioten, gertatutakoa ezagutu zedin. Gazte horien artean zeuden Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi. Bada, eleberriak, Arregi, Unzurrunzaga eta Ameztoiren bizitzak nahasten ditu, garaiaren argazki bat eman aldera. Hildako Arregi, eta “berpiztu” zutenak, alegia.
Sinbolismo erlijioso handia du, beraz, lanak. Ez alferrik, Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea da eleberriaren azpititulua. Eta portada Andrea Mantegnaren Kristo Hila.
“Oso latza izan da” izan ziren Joxe Arregiren hitzak, kartzelara sartu eta hiru preso politikok galdetu ziotenean zer egin zioten. Erakundeen aitortzarik jaso gabe urteak eman ostean. Belaunaldi batean “iltzatuak” geratu ziren hitzok. Belaunaldi hura ari da atzera begiratzen orain, eta erreskatatzen garaian kontatu ezin zirenak, edo kontatuta ere, ahanzturan geratu zirenak. Torturak, tamalez, jarraitu zuelako urteetan zehar, “era sistematikoan aplikatzen”.