Asteartean irekiko dituzte haurtxokoak eta gaztelekuak
Udako oporraldia bukatuta, datorren asteartean (hilak 12) irekiko dituzte Donostiako Udalaren haurtxokoak (5 eta 11 urte arteko haurrentzat) eta gaztelekuak (12 eta 17 urte arteko nerabeentzat).
Haurtxokoen kasuan, Antiguakoa izango da salbuespen bakarra, 12an ireki ordez 16an irekiko baitute. Asteartetik ostegunera eta larunbatetan: 17:00-19:20 ordutegian irekiko dituzte haurtxokoak, eta 17:00-19:50 ordutegian ostiraletan. Antiguakoa, aldiz, 16:00etatik 18:15era irekiko dute.
Bestalde, Altza, Amara, Bidebieta, Egia, Gros, Intxaurrondo eta Martutene auzoetako gaztelekuak 17:30-20:00 ordutegian irekiko dituzte asteartetik ostiralera, eta 17:30etik 20:30era larunbatetan. Bestalde, Aietekoa 17:00etatik 20:30era irekiko dute ostiraletan, eta 16:30etik 20:00etara larunbatetan. Era berean, Antiguakoa 18:30-21:00 ordutegian egongo da irekita, larunbatetan. Haurtxokoetara zein gaztelekuetara joateko, bazkide fitxa bete behar da, eta dagokion zentroan entregatu. Informazio gehiago behar izanez gero, haurtxokoekin eta gaztelekuekin harremanetan jarri behar da.