Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroak eskainiko ditu Kalapiek
Bizikletan ibiltzen ikasi nahi dutenentzako ikastaroak eskainiko ditu Kalapie elkarteak udazkenean. Bi ikastaro egingo dituzte, bata astegunetan eta bestea asteburuetan.
Astegunetako ikastaroa irailaren 25ean, astelehena; irailaren 27an, asteazkena; urriaren 2an, astelehena; eta urriaren 4an, asteazkena egingo dute. Lehenengo txanda 17:30-19:00 bitartean izango da, eta bigarren txanda 19:15-20:45 bitartean. Asteburuko ikastaroari dagokionez, azaroaren 4ean eta 5ean eta azaroaren 11n eta 12an egingo dute. Lehenengo txanda 10:00-11:30 bitartean izango da, eta bigarren txanda 12:00-13:30 bitartean.
Kalapiek azaldu duenez, ikastaroak helduentzat dira; bai inoiz ikasteko aukerarik izan ez dutenentzat zein bizikleta erabiltzeari aspaldi utzi ziotenentzat, erabilera ahaztu zaienentzat eta nolabaiteko erraztasuna eta segurtasuna berreskuratzeko leku mugatu bat behar dutenentzat.
Ikastaroak 60 euro balio du pertsonako (parte hartzaileak 30 euro ordaindu behar ditu eta Kalapiek beste 30 euro). Interesatuek mezu bat idatzi beharko dute ofizina.teknikoa@kalapie.org helbidera. Mezu horretan, honakoak zehaztu beharko dira: izen-abizenak, telefonoa, posta elektronikoa, NAN zenbakia, bizikleta eta kaskoa badituzun ala ez eta zein txandatan eman nahi duzun izena.