Gazte bat ospitalera eraman dute, Ondarretan itotzeko arriskuan egon ondoren
25 urteko gizon bat ospitalera eraman dute ostegun eguerdian, Ondarretako hondartzan itotzeko arriskuan egon ostean. El Diario Vasco egunkariak argitaratutako informazioaren arabera, 12:45ak aldera izan da gertakaria, eta sorosleek eta uretan zegoen beste herritar batek uretatik atera behar izan dute gaztea, itsasertzetik oso urruti ez bazegoen ere, zailtasunak zituelako bere kabuz ateratzeko. Hipotesi nagusia da gazteak ez zekiela igeri egiten.
Hondartzan bertan egin dizkiote egin beharreko artatze lanak, eta konortea galdu ez badu ere, ur dezente bota du ahotik. Han bertan intubatu dute, eta anbulantzian eraman dute ospitalera, egoera larrian.