Pitzadura bat agertu da Ondarretako horman
Ondarretako hondartzako horman hemezortzi metroko pitzadura bat agertu da, eta Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, astelehenean sartuko dira hondartzan konponketa egiteko makinak. Eduardo Txillida pasealekuaren aldeko horman agertu da pitzadura, eta Carlos Garcia Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak azaldu duenez, azken asteotako marea eta olatu biziek eremu horretako hondarra eraman dute, eta hainbat harri mugitu dira horren ondorioz. Garcia Kostaldeetako Agintaritzako ordezkari batzuekin (Espainiako Gobernuaren mendeko erakundea da) joan zen hondartzara asteazkenean, kalteak aztertzeko; izan ere, lanak egiteko baimenak beraiek eman behar dizkiote udalari.
Horrela, gaur bertan harriak kentzen eta eremua lanetarako prestatzen hasiko dira, eta astelehenean horma konpontzeko makinak hondartzan sartzea aurreikusten da. Horrela, hormigoizko zapata bat sartuko dute pitzaduran, horma egonkortu eta harriak bere lekuan jartzeko.
Lanak itsasbehera dagoenean egin ditzakete soilik, beraz, esku hartzeak lauzpabost egun iraungo dituela aurreikusten du udalak. Horrela, Garciak azaldu du uste dutela ez dagoela arriskurik hormarekin, baina itsasbehera dagoenean hara ez gerturatzeko gomendatu die herritarrei.