Donostiako Komuna: iraultza bi hilabetez
Ezezaguna den arren, 1936ko uztailaren 18tik irailaren 13an, Donostiako indar iraultzaileek faxismoa gelditu eta Donostiako Komuna sortu zuten hiriko bizitza ekonomiko eta politikoa euren gain hartuz.
Datorren asteazkenean, hilaren 13an, 87 urte beteko dira faxistak Donostiara sartu zirenetik. 1936ko egun hartatik aurrera, gerrak jarraitu bazuen ere, Donostian, eta Gipuzkoa osoan, frankistek hartu zuten agintea, 40 urteko jazarpen eta biolentzia inposatuz.
Ez ziren, ordea, Francoren eta Molaren tropak erraz sartu hirira- Uztailaren 18ko estatu kolpearen ostean, donostiar anarkista, komunista eta sozialistek militarrei aurre egitea lortu zuten, eta bi hilabetetako erresistentzia antolatu zuten —nazionalistek ere parte hartu zuten, baina itxuraz, indar gutxiagorekin—. Asko-gutxi ezaguna den arren pasadizo hori, oharkabean pasa da hiriaren memorian, bi hilabete horietan zehar, Gipuzkoako Defentsarako Batzordearekin batera, alderdi iraultzaileek gidatutako aginte bat ezarri zela hirian: Donostiako Komuna gisa ezaguna.
Garaiaren inguruko informazio askorik ez dago, baina badugu, besteak beste, Manuel Chiapuso anarkista donostiarrak idatzi zuen Los anarquistas y la guerra en Euskadi. La Comuna de San Sebastian eleberri historikoa. Horrekin batera, han-hemenka memoria historikoa lantzen aritu diren elkarte eta kolektiboei esker —Dinamita Tour, esaterako— bizirik da esperientzia hura.
Langile mugimenduaren indarra
1930eko hamarkada osoan zehar, Donostian eta Gipuzkoan, langile mugimenduak indar handia zuen. 1934an izan zen iraultza saiakera bat Espainiako hainbat lekutan —Asturiasen hamar egunez iraun zuena—, eta Donostian izan zituen oihartzunak. Ezin ahaztu ere, 1931eko maiatzaren 27an, Guardia Zibilak Ategorrietan tiroz erail zituen Trintxerpeko arrantzaleak, grebaren testuinguruan.
Gauzak horrela, 1936an, faxistek estatu kolpea eman zutenean, Donostiako indar iraultzaileak hala moduz antolatu, eta barrikaden bitartez, tiro eta granada artean, erasoa gelditu zuten. Amaran izan ziren, borroka horietan, Felix Likiniano eta Kasilda Hernaez militante anarkista ezagunak, besteak beste.
Behin kolpea geldituta, langile mugimenduen esku geratu zen hiriko agintea, Gipuzkoako Defentsrako Batzordearekin batera, eta bere gain hartu zuten hiriko bizitza ekonomiko eta politikoa.
Autogestioa, gauetik goizera
Iñaki Gil de San Vicente pentsalariak kontatzen duenez, Komunak «gauetik goizera estatu baten oinarrizko oinarriak sortu behar izan zituen, ia ministerio guztiekin (gerra, ordena publikoa, finantzak, lana, hornidurak, garraioa, osasuna eta gizarte laguntza…), eta kontrolatzen zuen lurraldearen barruan sabotaje erreakzionarioaren aurka borrokatu behar izan zuen. Hala ere, autoantolaketa, autogestioa eta herri langilearen autodeterminazioaren adibide ikaragarria eman zuen».
Pedro Barruso historialariak dioenez, Gipuzkoan finantzak antolatzeko moduan ikus daiteke aginte berriak zuen «izaera iraultzailea»: «Finantzen Komisariaren asmoa, egitura ekonomiko bat garatu baino gehiago, Gipuzkoako harreman ekonomikoak errotik eraldatzea zen», gerra egoerara egokituta. Bi proiektu aurkeztu ziren», bata diruaren zirkulazioan oinarritua eta bestea moneta ezabatuz eta horniduran soilik oinarritua». Indar iraultzaileen asmoetako bat zen, herritar guztiei oinarrizko soldata bat ezartzea, baita langabezian zeudenentzako ere.
Ordea, banketxeak itxita zeuden uztailaren 18tik, eta, burgesiak ez zuen dirua zirkulazioan jarri nahi. Indar iraultzaileek, beraz, banketxe eta enpresariak behartu zituzten greban zeuden langileei euren soldatak ordaintzera.
Abuztuaren hasieran, faxistek edateko uraren hornidura eten zuten Donostian, egoera larria sortuz. Defentsarako Batzordeak, janari tiketak sortu zituen, eta gariaren prezioa mugatu zuen, gordeta geratzen zena konfiskatuz. Sindikatuek herri jantokiak antolatu zituzten, eta Londres hotela ospitale bihurtu zuten milizianoentzat eta herritarrentzat. Gerrari aurre egiteko, 93 industriaren kontrola hartu zen, gerrarako materiala ekoizteko: horietaik 41 langile kontseiluek kudeatu zituzten, eta 52 Defentsarako Batzordeak.
Faxisten erasoaldia
Indar iraultzaileek ez zuten bakerik izan, faxisten erasoak etengabeak baitziren. Abuztuaren hasieran, hainbat bonba lehertu zituzten hirian, kalte nabarmenak eraginez. Eraso gogorrenak, ordea, abuztuaren 11tik aurrera izan ziren. 13an airez bonbardatu zuten hiria eta 17an, hainbat egunetako mehatxuen ostean, Almirante Cervera gurutzaontziaren erasoak hasi ziren. Gerra barku erraldoia Kontxako badiatik aritu zen hiria setiatzen hilaren 31ra arte, hildako ugari eraginez, baita kontaezinak diren kalte material eta zaurituak ere.
Egoera kritikoa zen indar iraultzaileentzat. Irailaren 5ean, Irungo bataila ezaguna eman zen, zeinetan kasik armarik gabe geratu ziren indar iraultzaileei irabazi zieten faxistek. Bidea irekita, egun gutxiren buruan sartu ziren Donostiara, sarraskia eraginez: gutxienez 400 hildako eta kontaezinak diren higiezinen lapurretak egin zituzten, etorkizuneko hiri eredua ezarriz.
Donostiako Komuna, beraz, ahanzturan eroritako esperientzia izan da. Ez zen esperientzia eredugarriena izan ziurrenik —adibide bat jartzearren, matxismo handia zegoen Defentsarako Batzordean, eta soldatak esleitu zirenean, emakumeek gizonen erdia kobratuko zutela ebatzi zen—, baina erakutsi zuen indar iraultzaileek, bat eginik, faxismoari aurre egiteko indarra bazela sobran. Donostiako langile herriaren borrokari esker, faxismoari aurre egin zitzaion, Bizkaian erresistentzia prestatzeko denbora emanez. Jakina da, tamalez, hurrengo gertakariak nola joan ziren, baita hurrengo urte ilun luzeak ere. Nork daki, Komunak irabazi ezkero zer litzakeen gaurko Donostiaz. Eta nork daki, ahanzturan erortzen ez bada, etorkizunekoaz zer izango den.