Hirugarren Donostia Saria Hayao Miyazakirentzat izango da
Miyazakai maisu japoniarrak jasoko du hirugarren Donostia Saria, Donostiara etorri ez den arren. Javier Bardemek ere baieztatu du ez dela Donostian izango aurten.
Gaur iragarri du Zinemaldiak norentzat izango den iragartzeko zegoen hirugarren Donostia Saria. Hayao Miyazaki japoniar ilustratzaile eta sortzaileak jasoko du, Donostiara etorriko ez den arren. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, orain arte emandako sarien artean “poz handiena” ematen dion saria da.
Izan ere, Rebordinosen hitzetan, mundu osoko animazioaren historiako pertsonaiarik inportanteena da Miyazaki, “Walt Disneyen gainetik”. Tamalez, ezin izango du Donostian egon, eta bideo bidez eskertuko du saria maisu japoniarrak. Oroit dezagun, bere azken pelikularen Europako estreinaldia Zinemaldian izango dela, inaugurazio ekitaldian.
Bestetik, gaur iragarri dutenez, edizio honi aurpegia jarri dion Javier Bardem aktore espainiarrak ere ez du pertsonalki jasoko saria. AEBetako aktore eta gidoigileen greba dela eta, airean zegoen Bardemen presentzia, eta, azkenean “bi aldeek hala adostuta”, erabaki da 2023ko Donostia Saria 2024ean jasoko duela Bardemek, “merezi duen festa handiarekin”.