Iaz eraberritutako jaiek jarraipena izango dute Loiolako Erriberan
'Barbie' filma modan dagoela kontuan hartuta, irailaren 15ean egingo duten afarian arrosa kolorez jantziko dira aurten auzotarrak, eta karaoke bat egingo dute elkarrekin, jaiak parranda giroan hasteko.
Loiolako Erriberako jaietako zumba tailerra, iaz. (Argazkia: Esteban Aymerich) Loiolako Erriberako jaiak gainean ditugu, izan ere, hilaren 15etik 17ra ospatuko dituzte. Egitarau oparoa prestatu du jai batzordeak hiru egun horietarako, eta nahiz eta aurten bereziki berritasunik ez egon, iaz egin zituzten aldaketei jarraipena emango diete. “Lehengo urtean jai batzordea pixka bat aldatu zen, batzuek utzi egin zutelako, baina aurtengo programa ez dugu asko aldatu, eta nahiko antzekoa da”, azaldu du Unai Urkiolak, Loiolako Erriberako jai batzordeko kideak.
Jaiak antolatzeko lehenengo bilera ekaina aldera egin zuten, “batez ere, baimenak eskatzeko”. Gainera, uda tartean dagoenez, bueltakoan “ahalik eta gauza gutxien” egiteko asmoz, dena aurreratu zuten oporren aurretik. “Esan bezala, ez dago ezer berririk, baina lehengo urtean gauza berri asko sartu genituen, adibidez, futbol txapelketa, gazteentzako Olinpiar Jokoak, mutxikoak eta saskibaloi txapelketa. Jai batzordean gazteak sartu ziren gauza berriak egiteko gogoarekin, eta orain ekitaldi gehiago daude gazteentzat eta helduentzat”, aitortu du Urkiolak.
Jarduera berri horiek “arrakasta” izan zutela gaineratu du jai batzordeko kideak: “Saskibaloiaren ordu berean haurrentzako beste jarduera bat dago, baina jendea berdin-berdin azaldu zen lehengo urtean. Eta lehenengo gazteentzako Olinpiar Jokoak izateko ere jende asko etorri zen iaz”. Urkiolaren arabera, jende asko joaten da Loiolako Erriberako jaietara, “ikasturte hasiera delako edo udako jaien azkenetarikoak direlako, baina jendea gogotsu dago, bai”.
Herri afari arrosa
Jai batzordeko kidearen arabea, lehenengo eguneko afaria izaten da Loiolako Erriberako jaietako jarduerarik bereziena. “Bakoitzak bere etxetik ekartzen du janaria, eta piknik moduko bat egiten dugu”, azaldu du. Hala ere, afari hori dibertigarriago egiten dutenak mozorroak dira, eta urtero gai bat aukeratzen dute auzotar guztiak mozorrotzeko: “Aurten, kolore arrosa aukeratu dugu gai gisa. Jai batzordeko batzuen ideia izan zen, agian, Barbieren filma modan dagoelako-edo”. Gainera, afariaren ostean karaokea egingo dute, parranda giroa martxan jartzeko.


