Elkarrekin Donostiak salatu du hotel gehiago ireki ahalko direla
Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) aldaketak egin nahi dituela iragarri zuen duela zenbait hilabete, hirian hotelen gorakada gelditzeko asmoz —hori onartu bitarte urtebeteko moratoria abiatu zuen martxoan—. Astearte honetan udalak bilera ireki bat antolatu du udaletxeko batzar aretoan, hiritarrek udalaren asmoen berri izan dezaten.
Elkarrekin Donostiak udalean duen bozeramaileak, Victor Lasak, salatu du udalaren proposamenak “atea irekita” uzten diola hirian “hotel berriak mugarik gabe irekitzeari”. Izan ere, udalak proposatutakoaren arabera, hiriko zenbait auzotan soilik debekatuko lirateke lizentzia berriak; hain zuzen, Erdialdean, Parte Zaharrean, Grosen, Antiguan eta Egiako beheko aldean. Hortaz, udalak gainontzeko auzoetan lizentzia berriak eman ahalko lituzke, beti ere eremuak bizitegi erabilerarik ez badu.
Era berean, Lasak kritikatu du proposamenak aukera ematen duela komentuei eta babestutako txaletei hotel erabilera emateko, eta horrek lizentzia berriak ekar litzakeela ohartarazi du. Lasaren arabera, HAPO berriak ez luke gisa horretako salbuespenik izan behar, “hiriak ez baitu ostatu gehiago behar”.