Loreto Mauleon aktoreak Ramon Labayen zinema saria jasoko du
Ramon Labayen Sariaren zortzigarren edizioa ospatuko du groseko Ulialde elkarteak, Donostiako Zinemaldian.
Groseko Ulialde elkarteak urtero ematen die saria euskal aktore edo zinema zuzendariei, euren ibilbide profesionala saritzeko. Aurten, irailaren 29an jasoko du aktore donostiarrak, Zinemaldiarekin bat eginaz.
Loreto Mauleon (Burgos, Espainia, 1988) aktoreak 20 urterekin hasi zuen ibilbide artistikoa, haurtzaro eta nerabezaroan dantza eta interpretazio eskolak jaso ostean. 2008an EiTBko Goenkale telesailean hasi zen lanean, eta bertan igaro zituen 4 urte, zinemako produkzioak tartekatzen zituen bitartean: 2009. urtean, Patxo Telleria eta Aitor Mazo zinema zuzendarien La máquina de pintar nubes filmean hartu zuen parte, eta 2010an, Imanol Rayoren aginduetara egin zuen lan, Bi Anai pelikulan. Urte batzuk geroago, Madrilera lekualdatu zen donostiarra eta El secreto de Puente Viejo telesailarekin lortu zuen ospea. Geroztik, hamaika lanetan hartu du parte, eta Feroz saria irabazi du Patria telesailean egindako lanagatik.
Sariari dagokionez, 2014etik ematen du Ulialde elkarteak, bertako kide zen Ramon Labayenek Donostiako Zinemaldia puntako jaialdien artean kokatzeko egindako lana omentzeko. Ohi bezala, sari banaketaren ekitaldiaren aurretik, Gros auzoko bizilagun eta elkarteko kideekin afari bat egiten da.
Aurreko urteetako saridunen artean daude Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Jon Plazaola edota Itziar Ituño, besteak beste.