«'No me llame Ternera' filma ikusi egin behar da kritikatu aurretik, eta ez alderantziz»
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak prentsara gutuna bidali du. Bertan, Espainiako hainbat hedabidetan atera den gutuna kritikatu du. Izan ere, zalaparta ari dira sortzen hainbat biktima elkarte, Zinemaldian estreinatuko den No me llame Ternera (Jordi Evole eta Marius Sanchez, 2023) filmaren proiekzioaren harira, eta proiekzioa bertan behera uzteko eskatu dute.
514 pertsonek izenpetu zuten hedabideetara bidalitako gutuna, ordea, Zinemaldiak esan duenez, haiei ez diete igorri ere egin. Zinemaldiaren izenean, Rebordinosek adierazi du “errefusatu egiten dituela terrorismoa zuritzeko jokabideak eta giza eskubideen printzipioak bere gain hartu eta defendatu egiten dituela”.
Adierazi dutenez, Josu Urrutikoetxea protagonista duen elkarrizketa-filmak “ez du ETA justifikatzen, ez zuritzen”, eta gaineratu dute Zinemaldiak ez lukeela ezein pelikula emango premisa horiekin.
Zinemaldiak kritikatu du 514 pertsona hauek ez direla zuzenean haiekin harremanetan jarri, eta joan den astean Rebordinosek programaren aurkezpenean esan zuenez, “polemika interesatuak” daude horien atzean. Argi adierazi du: “No me llame Ternera filma ikusi egin behar da kritikatu aurretik, eta ez alderantziz”. Horri dagokionean, Zinemaldiak adierazi du prest egongo liratekeela emanaldi pribatu bat egiteko, filma kritikatu dutenen talde txiki baten aurrean.