Donostiatruk azoka egingo dute larunbatean, Tabakaleran
Larunbatean, irailaren 16an, Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo da Tabakaleran, 10:00etatik 14:00etara. Easo plazan egin ohi da azoka, baina oraingo honetan Tabakalerako barruko plazara eraman dute. Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatutako azoka da, etxeko produktuei beste erabilera bat eman ahal izateko.
Etxean dauden eta jada erabiltzen ez diren produktuetatik (arropa, liburuak, jostailuak eta abar) onura ekonomikoren bat ateratzeko aukera izango da, baita modu eskuragarriagoan erosteko ere. Azokan salmenta postua jartzeko aurrez izena eman behar da, baina lehen orduan antolatzaileen postura hurbilduz gero eurek saltzeko aukera ere badago —gehienez ere bost objektu utzi daitezke—.