Ehun mugimenduak etxebizitza duinaren aldeko kanpaldia egingo du asteburuan
Antigua auzoko Sert plazan bilduko dira, inguruan dauden "alokairuzko 522 etxebizitza publiko Black Stone funts putreari saldu baitizkio administrazio publikoak".
Bentaberriko bizilagunek Sert plazan egindako manifestazioa. (Argazkia: Alokairu) Irailaren 23an eta 24an egingo dute kanpaldia Antigua auzoan, pertsona ororen etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Larunbatean (hilak 23), Euskal herriko etxebizitza sindikatuekin egingo dute mahai-ingurua eta 20 minutu Rock taldeak girotuko du goiza. Arratsaldean, bingoaren ostean, manifestazioa abiatuko dute Sert Plazatik. Iluntzeko 20:00etan, bestalde, Donostiako Zinemaldi alternatiboa ospatuko dute.
Bigarren jardunaldian, aldiz, turistifikazioa hizpidera ekarriko dute Bizilagunen elkartearekin eta Heriz eta Arriolako bizilagunekin bat. Horren ostean, Gartxot musikariaren emanaldiarekin burutuko dute kanpaldia.

