Isabel Herguera donostiarraren lehen filma oinarri duen erakusketa: 'El sueño de la sultana'
Zinemaldian estreinatuko da Hergueraren lehen flime luzea, 'El sueño de la sultana'.
Tabakalerak El sueño de la sultana erakusketa aurkeztu du gaur, Isabel Herguera artista donostiarraren animazioko lehen film luzearen sorkuntza prozesuan zehar egiten den ibilbide bat. Filma Rokeya Hussain idazle bengalarrak idatzitako izenburu bereko ipuin feministan oinarrituta dago, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da aurki. Zinemaldiak ere kolaboratu du erakusketan.
El sueño de la sultana erakusketaren ibilbidea hainbat sormen gunek osatzen dute. Besteren artean, Isabel Herguerak Indian 2005etik 2017ra egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. Garai hartan hasi zen filma imajinatzen eta Indiako hiri handietako zalapartaren eta jendetzaren bitartez giroa eta bizitza mugimenduan atzematen. Akuarelan egindako marrazkiekin batera, soinu instalazio batek filmeko eszenak gertatzen diren lekuak ekarriko ditu gogora: Kalkuta, New Delhi eta Ahmedabad, esaterako.
Erakusketan, halaber, aldi baterako tatuajeen (mehndi) teknikarekin egindako muralak ikusi ahal izango dira. Teknika hori milaka urte dituen artea da, eta hennarekin lantzen da. Horren bidez, artista batzuek bere buruaren erretratua egiten dute filmaren El país de las mujeres sekuentzian, 1905ean idatzitako “Sultanas dream” ipuinean Begum Rokeya Hossainek deskribatu zuen utopia feminista, film luzearen motorra izan dena.
Isabel Herguerak bere bidaia-koadernoak laga ditu erakusketarako. Koaderno horietan, artistak Marsillianan (Italia), Kolonian eta Donostian igarotako aldien storyboard ugari daude. “Leku guztietara eramaten dut nire koadernoa; zenbaitetan, koadernoa nirekin izate hutsak lasaitu egiten nau. Orrialde horiek zabaltzen ditudanean, etxean sentitzen naiz. Zenbaitetan, bakean nagoenean marrazten dut, baina gehienetan lasaitasunaren bila nabilenean. Marrazteko ekintza pribatua da, baina koadernoa amaituta dagoenean, ez dut nirea denik sentitzen. Nitaz askatu egiten da. Publiko bihurtzen da”, adierazi du artistak.
Isabel Herguera artista bisuala, animazio-zuzendaria, ekoizlea eta irakaslea da (Donostia, 1961). Ordenagailuz ikus-entzunezko instalazioak egin zituen lehen artista da. Aitzindaria izan da sorkuntzatik ordenagailu bidezko animazioak egiten. Ezaguna da Cinema d’Animació de Catalunyako Nazioarteko Mostra zuzentzeagatik (ANIMAC), Animazioko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izendatua izateagatik La Gallina Ciega film laburrarenkin (2006) eta 2012an Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Unicef saria irabazteagatik.