Uliako hobi komuneko esku hartzea abiatzeko eskatu du berriz ere Elkarrekin Donostiak
Donostiako Memoria Historikoaren Eguna izan zen atzokoa, eta, horrekin bat eginez, Elkarrekin Donostiak eskaera bat erregistratu zuen udalean, hurrengo osoko bilkuran eztabaidatzeko Uliako 36ko gerrako hobi komunaren berreskuratzea. Izan ere, esku hartzea 2015 eta 2020 urteen artean egitekoa zen, Hobiak Ikertzeko eta Aurkitzeko Euskal Planaren barruan, baina oraindik ez da esku hartzerik egin.
Elkarrekin Donostiako zinegotzi Arantza Gonzalezek gogorarazi du “urteetan zehar Gogora Memoriaren Institutuaren bidez egindako esku hartzeen zerrendan” adierazi zela “Uliako hobia lurpetik ateratzea ez zela bideragarria, aurretik inolako azterketarik egin gabe”. Ordea, “bertan esku hartzeko aukera itxitzat emateko erabakia hartu eta gero, bai 2021eko maiatzeko udalbatzan, bai Legebiltzarreko batzordean, hilabete geroago, Elkarrekin koalizioak beharrezko prospekzioak egitea eskatu zuen, horrela hobia berreskuratu ahal izateko”, gaineratu dute.
Horrela, Gonzalezek salatu du oraindik zain daudela: “Egoera hori ezin da gehiago luzatu, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzari, Gogora Institutuaren bidez, eta udal gobernuari berari, dei egiten diegu lehenbailehen esku hartzeko behar diren kudeaketak egin ditzatela”. Halaber, zinegotziak gogorarazi du Uliako hobia Aranzadi Zientzia Elkarteak 2003. urtean egin zuen ikerketa batean adierazi zuela Ulian gerra garaiko hobi komun bat dagoela.
“Memoria berreskuratzeko bidean aurrera egiteko ezinbestekoa da egia aitortzea, eta, horregatik, Uliako hobiaren ingurua Memoriaren Leku izendatzeko eta seinaleztatzeko beharrezko urratsak eman behar dira”, gaineratu du Gonzalezek.