Sukaldetik hasita, komunitatea indartu
Kozinatzeko denborarik ez duenak badu alternatiba osasuntsu eta merkea. Basajaun elkarteak Herreran eta Grosen dituen bi komunitateetan parte hartzea besterik ez du, bere neurrira egindako menua aukeratuz.
Herrerako sukalde komuntiarioa abiapuntu hartu dute Grosen. Aurten hasita, jada egonkortzen hasi da Basajaun elkartearen nodo berria. Garaiko eta ekologikoa den elikadura oinarri, «bazkidetza» bidezko proiektu bat garatzeko asmoz sortu zen 2020an proiektua Herreran. Proiektuaren sustatzaileak dira Aitor Minaya Alonso (Igualada, Herrialde Katalanak, 1986) eta Unax Seges (Herrera, 1978).
Definizio zehatza eman digu Segesek: «Bazkidetza bidez, bertako eta garaiko produktuarekin, elkarte gastronomikoetan erabiltzen ez diren azpiegiturak erabiliz, astelehenetik ostegunera ematen den menu bat da». Tuperretan jartzen dute janaria, eta erabiltzaileek aste osorako menu erdia edo menu osoa hautatzen dute, aukera ezberdinen artean.
Proiektuaren bitartez, elkarteen azpiegiturak «kolektibizatu» eta kozinatzeak suposatu dezakeen zama arindu egiten da, elikadura osasuntsu bat bermatuz, prezio eskuragarrian.
Herreran hainbat elkartetan hasi ziren kozinatzen, baina koronabirusaren krisian gelditu behar izan zuten eta zaharren egoitzara igaro, hasierako planteamendua aldatuz.
Elkarteen erabilera interesgarria da elkarteentzat ere. Askotan oso «itxiak» direnaren sentsazioa dagoela uste du Minayak, eta, honakoen bitartez bestelako zubiak eraiki daitezkeela, «elkartea komunitatera irekitzen delako».
Grosen nodo berria
Herreran proiektua gehiago zabaltzeko muga ikusi zuten, eta Grosera zabaltzeko ideia izan zuten, nodo berri bat sortuz. «Ez dugu nahi proiektu ardatz zentral baten inguruan asko haztea; auzo eta komunitate bakoitzak erreplikatzeko aukera izatea nahiko genuke», dio Minayak. «Auzoetako sukalde autonomoen konfederazioa da gure helburua».
30 bat lagun ari dira parte hartzen egun Grosen. Ahalik eta gehien erreplikatzeko formula bideragarria izaten ari da honela: «Jendea probatzen doa; ez da mundu guztiarentzat, betirako, denbora guztian. Pertsona bakoitzaren egoeraren arabera moldatuz doa». Denboran jasangarria izatea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta hor sartzen da ere komunitatearen garrantzia.
Orain ez dute Groseko Marruman kozinatzen, soilik banaketa zentro gisa erabiltzen dute. «Honela, nodo bat abiatzea errazagoa da, konpromiso gutxiago eskatzen duelako. Behin bazkidetzak handituta, eta beste egoera bat sortuta, autonomoak izateko helburua dugu».
Komunitatea ardatz
Basajaun elkarteak plataforma bat sortu du, erabiltzaileei eskariak egitea errazteko. Astero esteka bat bidaltzen zaie, eta asteroko menua aukeratzen dute bertan: «Zero zabor sortzea dakar honek, aldez aurretik badakigulako zer behar den».
Profilari dagokionez, «askotarikoa» dela diote. «Herreran sei jubilatu daude, baina Grosen bat», dio Unaxek. «Langile jendea da, batez ere, denbora aldetik larriago dabilena eta lanera tuperra daramana. Eta, hor barruan, bakarrik bizi direnak, seme-alabak dituztenak, gazteagoak, helduagoak… denetarik dago». Kontatu duenez, badago bazkide bat, langabezian geratu zena eta ekologikoa eta garaikoa kontsumitzen jarraitu nahi zuena, eta zenbakiak eginda, antzeko ateratzen zitzaiona».
Proiektuari egonkortzeko falta zaiona komunitatearekin «bizitasun puntu bat» edukitzea da: «Jendea elkar ezagutzea eta elkarrekin aritzea. Komunitateak indar bat lortzen du denok elkarrekin joaten garenean, iritzi ezberdinak izan arren». Herrerakoa da betidanik Seges, eta honi esker, inoiz ezagutu ez duen jendearekin du harremana orain.
Adibide gisa jarri dute Grosen gertatzen ari dena: Marruma elkartean Kaleko Afari Solidarioen banaketa egiten da, eta, beraz, bi astean behin haientzat kozinatzen dute. «Sinergiak eta elkarlana horrela lortzen dira, elkarrekin egoten», dio Minayak. «Elkarteetan egitearen arrazoia hori da; espazioa bizi dutenekin elkar harremantzea», gaineratu du.
Elikaduraren borrokan
Elikadura politika bat garatzeko tresna da proiektua: «Egun kasik ez dakigu garaikoa zer den eta zer ez. Eta ezinbestekoa da jasangarritasunaren ikuspegitik».
Minayaren ustez, «elikagaien katean, ekoizletik kontsumitzaileraino doana, bitartekari mordoa dago, ez dutenak baliorik gehitzen». Horrekin apurtzen dute logika komunitarioek. «Elikaduraren etika» bat sustatzea da proiektuaren helburua, «sortu duen etekin hori komunitatera itzultzea da asmoa: jaietan, kale egoeran daudenentzat, eta abar».
Oraingoz, Herreran eta Grosen dauden bi taldeetara batzeko aukera dute webgunean, hurrengo nodoa non irekiko duten zain.