Zentsuraren gainetik, 'Ama Lur'
1968an estreinatu zen Zinemaldian 'Ama Lur', gerora euskal zinemaren ikur bilakatuko zen filma. Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek zuzendutako pelikula txalo zaparrada batekin hartu zuten Astoriara hurbildu ziren ikus-entzuleek.
Jendeak zutik hartu zuen filma. (Argazkia: Arturo Delgado Martinez / Kutxateka) 71. Zinemaldia ate joka den honetan —hurrengo ostiralean hasiko da—, 55 urte bete dira gerora euskal zinemagintza berriaren ikur bilakatuko zen filma estreinatu zela: Ama Lur.
1968ko uztailaren 10a zen, eta Astoriako zinema leporaino bete zen Nestor Basterretxearen eta Fernando Larruquerten lana ikusteko. Ama Lur aitzindari izan zen, besteak beste, filmaren helburua euskal kulturaren sustraietan oinarritutako lengoaia zinematografikoa sortzea zelako.
Era berean, euskal abertzaletasuna ere indartu nahi zuten, hori guztia frankismo betean. Halaxe jaso zituen Argia aldizkariak Nestor Basterretxearren hitzak: «Euskal herritarren protesta itzela izan zen Ama Lur, Espainiako diktaduraren aurkako aldarria».
Frankismoan egonda, filmak hainbat zentsura jasan zituen: Picassoren Gernika artelana edo Gernikako arbola elurtuaren irudia, adibidez—. Zentsurari aurre egiteko, beraz, sinbolismo handiko irudiak erabili zituzten Basterretxeak eta Larruquertek. Arroken kontra lehertzen diren zazpi olatuek, esate baterako, Euskal Herriko zazpi probintziak irudikatzen dituzte.
Filma errealitate bihurtzeko ezinbestekoa izan zen jendartearen bultzada ekonomikoa: 100 pezetako akzioak jarri zituzten ikus-entzunezkoa diruz lagundu nahi zuen edonoren esku. Orotara, 2.200 akziodun eta bost milioi pezeta inguru lortu zituzten proiektuaren alde.
Proiekzioaren egunean, filma ikustera joan ziren ikus-entzuleek txalo zaparrada itzela eskaini zioten lanari.
Lana arriskuan
2006an, Euskadiko Filmategiak ohar batean adierazi zuen filmaren kopia galzorian zela, lanaren kontserbazio egoera kaskarragatik. Azkenean, ordea, filma zaharberritzea eta digitalizatzea lortu zuten.


