«Antonio tabernak eta Gastroleku enpresak zakarrontzi gisa erabiltzen dute gure eraikina»
Parte Zaharreko Fermin Calbeton kaleko 45. zenbakiko eraikineko bizilagun bat –anonimotasuna mantendu nahi izan du– hedabide honekin harremanetan jarri da, eraikin horretako bizilagunek bizi duten egoera salatzeko.
Azaldu duenez, Antonio tabernak eta Gastroleku enpresak euren eraikineko lokal bat erabiltzen dute zaborra gordetzeko: “Gauean hainbat tabernatako zaborrak sartu eta goizean ateratzen dituzte. Horrek esan nahi du atarian usain oso txarra dagoela”. Era berean, bizilagunak salatu du “bi aldiz” eskatu diotela udalari lokal horren erabilera baimenaren inguruko informazioa, baina ez dutela erantzunik jaso.
Gogoratu behar da hainbat establezimendu kudeatzen dituztela Antoniok eta Gastrolekuk: Bergara kaleko eta Bulebarreko Antonio tabernak kudeatzen ditu Antoniok, eta Atari jatetxea eta hotela, Amama jatetxea, Sirimiri jatetxea eta Gu diskoteka eta jatetxea Gastrolekuk.
Zaborren inguruko kexak
Fermin Calbeton kaleko eraikin horren egoera ez da salbuespen bat Parte Zaharrean. Izan ere, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak hainbatetan salatu du auzoko hondakinen kudeaketarekin “egiturazko arazoa dagoela”, bereziki bi arrazoirengatik: “Udalaren esku hartze eza eta egoiliar eta ostalari batzuen praktika txarrak”. Gaiaren inguruko erreportajea ondu zuen hedabide honek iaz.