Hamazazpi film, Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko lehian
Perlak saileko hamazazpi film lehiatuko dira udalak zortzigarren urtez jarraian babesten duen Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Udalak “donostiarrei egindako omenaldi gisa” planteatzen du golardoa, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak.
Perlak saileko obrek nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso izan dituzte. Victoria Eugenia antzokian egingo dira film horien emanaldiak eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaierako galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: batetik, film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa.
Iaz, Santiago Mitreren Argentina, 1985 lanak eskuratu zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta Rodrigo Sorogoyenek irabazi zuen, berriz, Europako film onenaren saria, zehazki, As bestas / The Beasts filmarekin.
Hona hemen aurten sari hori eskuratzeko lehiatuko diren filmak: The zone of interest (Jonathan Glazer, Erresuma Batua); Aku wa sonzai shinai / Evil does not exist (Ryusuke Hamaguchi, Japonia); Anatomie d’une chute / Anatomy of a fall (Justine Triet, Frantzia); Bastarden / The promised land (Nikolaj Arcel, Danimarka); Dumb money (Craig Gillespie, Australia); Io capitano / I’m captain (Matteo Garrone, Italia); Kaibutsu / Monster (Hirokazu Koreeda, Japonia); Kuolleet Lehdet / Fallen Leaves (Aki Kaurismaki, Finlandia); La memoria infinita / The eternal memory (Maite Alberdi, Txile); La sociedad de la nieve / Society of the snow (J.A. Bayona, Espainia); May december (Todd Haynes, AEB); Memory (Michel Franco, Mexiko); Past lives (Celine Song, Hego Korea); Perfect days (Wim Wenders, Alemania); Rosalie (Stephanie di Giusto, Frantzia); Rotter Himmel / Afire (Christian Petzold, Alemania) eta The new boy (Warwick Thornton, Australia).